Politika -
EUSKO LEGEBILTZARRA
Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren erreformak lehen tramitea gainditu du Eusko Legebiltzarrean
Gasteizko Ganberak atzera bota du Voxek aurkeztutako osoko zuzenketa eta bakarrik geratu da bere defentsan.
AGENTZIAK | EITB Media
Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) jasotzeko baldintzak aldatuko dituen arauak (Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren lege proiektua) lehen tramitea gainditu du gaur goizean Eusko Legebiltzarrean, Vox alderdiak aurkeztutako osoko zuzenketa atzera bota ondotik.
Alderdi ultraeskuindarrak lege proiektua atzera botatzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari bere zuzenketan. Bozketaren aurreko eztabaida laburra izan da, Voxeko Amaia Martinezek eta PP+Cs-eko Laura Garridok soilik parte hartu baitute. Legegintzaldi osoan gertatzen ari den bezala, EAJk, EH Bilduk, Elkarrekin Podemos-IUk eta PSE-EEk ez dute parte hartu Voxen ekimena zelako. Idoia Mendia bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak ere uko egin dio lege proposamena osoko bilkuraren aurrean aurkezteari.
Orain, ponentzia bat osatuko dute, eta bertan eztabaidatuko dituzte alderdiek aurkeztutako zuzenketak. Legea aurrera aterako da EAJk eta PSE-EEk gehiengoa dutelako. Horrez gain, Elkarrekin Podemos-IUk babestuko du Eusko Jaurlaritza sostengatzen duten bi alderdiekin akordioa lortu ondoren.
EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren inguruan adostutakoaren arabera, heldu batek jasoko duen zenbatekoa 727 eurotik 803 eurora igoko da.
Zenbatekoa kalkulatzeko modua aldatuko da 2024. urtetik aurrera, eta erreferentzia pobrezia tasa izango da, hots, batez besteko errentaren % 60. 2023an Bizitzeko Gutxieneko Diru Sarrera izango da erreferentzia.
EH Bildu ez dago ados kalkulua egiteko modu horrekin, eta bere zuzenketan eskatzen du kalkulua egiteko EAEko pobrezia tasa aintzat hartzea eta ez Estatukoa. Aldaketa horrek prestazio horren gutxieneko zenbatekoa 930 eurora igoko luke, EH Bilduren arabera.
DSBE jasotzeko adina 23 urtetik 18ra jaitsiko da, eta nahikoa izango da Lanbiden urtebetez izena emanda egotea.
Oro har, dirulaguntza kobratzeko hiru urteko errolda izateko eskakizuna mantentzen bada ere, baldintzak malguagoak izango dira aurrerantzean kolektibo zaurgarrienentzat.