Politika -

Erabakia

Argentinako Justiziak baztertu du berriro auzipetzea Martin Villa ministro ohi espainiarra

Argentinako kereila babesten duen Estatu Koordinakundea eta Martxoak 3ko Biktimen Elkartea aztertzen ari dira helegitea jartzea, Argentinako Gorte Gorenean, prozesamenduaren artxiboaren aurka. Martin Villa Espainiako Gobernuko Barne ministroa izan zen, Trantsizioan.

Rodolfo Martin Villa, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.
Rodolfo Martin Villa, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.
Rodolfo Martin Villa, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Argentinako Zigor Kasazioko Ganbera Federalak, alegia, herrialdeko auzitegi gorenak, berretsi du Rodolfo Martin Villa Espainiako Barne ministro ohiaren prozesamendua baliogabetzea. Ganberak baztertu egin du hainbat elkartek jarritako helegitea; kereila bat da hori, 1976tik 1978ra bitartean izandako hainbat heriotzagatik (tartean Gasteizen 1976ko martxoaren 3an izandakoak) politikari ohia auzipetu zuen autoaren baliogabetzearen aurkakoa. Erabakiaren ostean, Argentinako kereila babesten duen Estatu Koordinakundea eta Martxoak 3ko Biktimen Elkartea aztertzen ari dira helegitea jartzea, Argentinako Gorte Gorenean, prozesamenduaren artxiboaren aurka. Martin Villa Espainiako Gobernuko Barne ministroa izan zen, Trantsizioan.

Testuinguru horretan, argentinar auzitegiak baieztatu du ez dagoela frogarik Martin Villa auzipetzeko. Hori kolpe latza da ministro ohiaren prozesamenduaren aldeko taldeentzat.

Maria Servini epaile argentinarrak 2021eko urrian auzipetu zuen Martin Villa, poliziak egindako tiroek eragindako lau heriotzagatik. Horietako hiru Gasteizen jazo ziren, 1976ko martxoaren 3an, Martin Villa Harreman Sindikaletako ministroa zela, eta laugarrena, aldiz, Iruñean, 1978ko uztailean, Barne ministro kargua zuela.

Magistratuak 2014ko urrian atxiloketa agindua eman zuen. Abenduan, Argentinako Kasazioko Ganberak ohartarazi zuen kalifikazio hura "ez zegoela oinarrituta", eta argudiatu zuen ministro ohiak esana zuela, Servini magistratuaren aurrean egindako adierazpen boluntario batean, 2021eko irailean, "Trantsizioan ez zela genozidiorik edo gizateriaren aurkako krimenik gauzatu, guztiz kontrakoa baizik; izan ere, espainiarren arteko adiskidetze prozesua izan zen, askatasunak berreskuratzekoa".

Argentinako kereila babesten duen Estatu Koordinakundeak eta Martxoak 3ko Biktimen Elkarteak "sakonki" deitoratu dute

Argentinako Justiziaren erabakiaren berri izanda, Argentinako kereila babesten duen Estatu Koordinakundeak eta Martxoak 3ko Biktimen Elkarteak "sakonki" deitoratu dute ebazpena, eta agertu dute ez daudela ados; hori bai, gogora ekarri dute Martin Villak inputatuta jarraitzen duela Argentinako kereilan, "guztira hamabi homizidiorengatik, gainera gizateriaren aurkako krimenen testuinguru batean". Epaitegiak ikerketan sakondu beharko du, auzipetzea berriro agintze aldera, beraz.

Azpimarratu dutenez, hori gertatzen ari da, kontuan izanik Maria Servini magistratuak, berriki, eginbideak eman dituela, "Martin Villak aipatutako krimenetan ardura zuela nabarmenago frogatu ahal izateko".

"Gure erabakia irmoa da, aurrera jarraituko dugu. Honek ez gaitu kikilduko. Alderantziz, indar handiagoa ematen digu, erabateko justizia baten alde borrokatzen jarraitzeko, eta, horrela, espainiar Estatuak arduradun frankistekin duen inpunitatea apurtzeko. Horiek giza eskubideak oso larriki urratu zituzten, eta gainera testuingurua zen gizateriaren aurkako krimenak zeudela", amaitu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Espainia argazkiak Maria Servini bideoak Albisteak Gaur Albisteak Argentina Memoria historikoa albisteak Polizia indarkeriaren kasuak Gasteiz martxoak 3