Politika -

Eusko Alkartasuna

EA: "Ramirezek ezin du alderdiaren barne prozesuetan parte hartu"

Iker Ruiz de Egino EAko bozeramaileak Ramirezi gogorarazi dionez, bere burua "idazkari nagusirako hautagai" bezala izendatzen duen arren, diziplina araudiaren aurkako arau hauste larriengatik lau urteko afiliazio etenaldiarekin zigortuta dago.

Eba Blanco EAko idazkari nagusia. Artxiboko argazkia: EFE
Eba Blanco EAko idazkari nagusia. Artxiboko argazkia: EFE
Eba Blanco EAko idazkari nagusia. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iker Ruiz de Egino Eusko Alkartasunako bozeramaileak Maiorga Ramirezi gogorarazi dionez, bere burua "idazkari nagusirako hautagai" bezala izendatzen duen arren, diziplina araudiaren aurkako arau hauste larriengatik lau urteko afiliazio etenaldiarekin zigortuta dagoela, eta "ezin du alderdiaren barne prozesuetan parte hartu".

Maiorga Ramirez EAko sektore kritikoko buruzagiaren esanetan, azken ebazpen judizialaren ondoren, barne-hauteskunde prozesua martxan jarri behar da orain, "ziklo beltzari amaiera emateko".

EAko sektore kritikoko Maiorga Ramirezen hautagaitza bertan behera utzita, Eba Blanco hautatu zuten alderdiko idazkari nagusi, otsailean; auto batek, baina, primarioak errepikatzea agindu zuen.

Ebazpen horren aurkako azken helegitea zuen jarrita Blancok, baina Gasteizko epaitegi batek atzera bota zuen errekurtsoa.

Ruiz de Eginoren hitzetan, "gardentasun eta demokrazia faltari buruzko adierazpenek ez dute inolako funtsik". "Zuzendaritzak afiliazioari hitza eman zion Biltzar Nagusia deitu zuenean. Afiliazioak aukera izan zuen estatutuak eta EAren txertaketa EH Bildun jorratzen zuen ponentzia politikoa eztabaidatzeko", azpimarratu du.

Azkenik, "afiliazio osoak Zuzendaritza Nazionalerako hautagaitzak aurkezteko aukera ere izan zuen", nabarmendu du. EAko bozeramailearen ahotan, "gehiengoaren babesa ez zuenez, Ramirezek uko egin zion idazkari nagusirako hautagaitza aurkezteari. Orain, aurrerantz ihes egitea erabaki du, Biltzar Nagusiaren borondatea isilarazi nahian".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Alderdi politikoak EH Bildu EA Eguneko albisteak Albisteak