Politika -
85. urteurrena
Espainiako Gobernuak "espresuki" gaitzetsi du Gernikako bonbardaketa, lehen aldiz
Sarraskiaren 85. urteurrenean, Espainiako exekutibo batek lehenengo aldiz onartzen duen gaitzespen ofizial batean, biktimak gogoratu ditu eta gerraren "ekintza krudelak" gaitzetsi ditu.
Mikel Dominguez | EITB Media
Espainiako Gobernuak "espresuki" gaitzetsi du Gernikako 1937ko bonbardaketa, hura gertatu zenetik "lehenengo aldiz". "Erabateko gaitzespena" adierazi du Exekutiboak hura gertatu zenetik onartzen duen mota horretako lehendabiziko adierazpenean. Ministroen Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Felix Bolaños Presidentetza, Gorteekiko Harreman eta Memoria Demokratikorako ministroak biktimak gogoratu eta aitortu ditu eta gerraren "ekintza krudelak" gaitzetsi ditu.
Ministroak azaldu duenez, Gernikakoa "zibilen kontrako lehendabiziko eraso indiskriminatuetako bat" izan zen. "Gerra bat bezalako basakeriaren kontrako sinbolo unibertsala bilakatu da" Gernika, "batez ere defentsarik gabeko pertsonak bonbardatzea lazgarrikeria delako", esan du Bolañosek.
Adierazpen instituzionalean, "Francisco Francok agindutako" eta Alemaniako tropa nazien eta Italiako faxisten hegazkinek egindako beste bonbardaketak eta aipatzen ditu Gobernuak, tartean, Otxandiokoa (Bizkaia). "Gatazkaren amaierara arte, beste herri batzuek bi aldeen aire erasoak jasan zituzten, baina Gernikako sarraskia izan zen nazioarteko oihartzunik handiena lortu zuena", adierazi du Exekutiboak.
Espainiako gerra bukatuta Bigarren Mundu Gerran erabiliko ziren eraso moten "entsegu orokorra" izan zen Gernika, eta horregatik, "Gernikako hiribildua euskal, espainiar eta europar memoriaren funtsezko zatia da".
Modu honetan, Pedro Sanchezen Gobernuak "memoriarekiko konpromisoa" berretsi du, "egiaren, justiziaren, erreparazioaren eta berriz ez errepikatzeko bermeen printzipioen" arabera.
Lehen aldiz, ekitaldietan ere
Arratsaldean Bizkaiko udalerrian egin duten oroimen ekitaldian ordezkaritza bidali du Espainiako Gobernuak, lehen aldiz.
Fernando Martin Lopez Memoria Demokratikoaren Estatu idazkaria "pozik" azaldu da ekitaldietan parte hartzearekin. "Biztanleriaren aurkako" bonbardaketa "ankerra eta mingarria" izan zela adierazi du ordezkariak. Goraipatu duenez, "Espainiako Gobernua lehen aldiz izan da" omenaldian.
Gobernuko presidenteak ere bonbardaketari buruz mezu bat idatzi du sare sozialetan.
Gernikako bonbardaketa argi gaitzetsi ostean, Bolaños ministroak Ukrainako gerra ere izan du hizpide, bertan ere, "Europar Batasunaren ateetan bonbardaketak gertatzen direlako gaur egun, Ukrainan, herritar babesgabeen kontra". Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak Diputatuen Kongresuan Gernika gogorarazi zuela aipatu, eta Espainiako Gobernuak "Ukrainako herriarekin" duen konpromisoa azpimarratu du.