Politika -
Foru Erkidegoa
Nafarroako Parlamentuak atzera bota du Bizikidetza Plana Na+ eta EH Bilduren aurkako botoekin
Foru Gobernuak igorritako testuari 13 proposamen erantsi dizkiote. Guztira, 42 proposamen eztabaidatu dituzte talde politikoek.
Agentziak | EITB Media
Foru Parlamentuko Batzordeak atzera bota du Nafarroako Bizikidetzaren Plan Estrategikoa (2021-2024), Navarra Sumaren eta EH Bilduren kontrako botoekin. PSNk, Geroa Baik, Podemosek eta Ezkerrak, ostera, aldeko botoa eman dute. Foru Gobernuak igorritako testuari 13 proposamen erantsi dizkiote. Guztira, 42 proposamen eztabaidatu dituzte talde politikoek.
Nafarroako Bizikidetzaren I. Plan Estrategikoak sei ardatz zituen: giza eskubideak aplikatzea, terrorismo eta indarkeria politikoaren biktimen eskubideak babestea, memoria kritiko eta barnerakoi bat eraikitzea, tolerantziarako heztea, elkarbizitza aniztasunean oinarritzea eta bizikidetzaren alde erakunde erreferenteak eratzea.
Ebazpenen eztabaidan eta bozketan zehar, Navarra Sumaren hiru proposamen onartu dituzte, "festen despolitizazioa lortzeko: ezker muturreko talde terroristen jarduera eta indarkeria politikoa aintzat hartzea, Estatuko segurtasun indarren eta haien familien aldeko ekitaldi bat bultzatzea, eta haien aurkako jazarpena errefusatzea".
Era berean, EH Bilduren kontrako botoarekin eta gainerako talde politikoen babesarekin, PSNren proposamen bat onartu dute, "indar politiko guztiek edozein terrorismo mota eta ETArena bereziki gaitzesteko beharra" azpimarratzeko.
Bestalde, EH Bilduk sinatutako sei proposamen aurrera atera dira. Bizikidetza planari izaera "transbertsalagoa" ematearen alde egin du koalizioak. Horrela, migratzaileen harrera, arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako planak, inklusio soziala, LGTBI berdintasuna, parte-hartzea, gazteria eta euskara nabarmendu ditu EH Bilduk, "elkarbizitzan modu transbertsalean eragina dutelako".
Aurrera atera diren azken hiru proposamenak Podemosek eta Ezkerrak egin dituzte. Egitasmoaren helburu estrategiko eta orokorren artean kokatu dituzte "erabateko gizarteratze eta inklusioa berdintasunean, bizikidetza arauen barruan eta balioa demokratikoak errespetatuz".
Hirugarren ekarpena hezkuntza arloan egin dute, "ikastetxe anitzak, inklusiboak eta mistoak" bultzatzeko.