Politika -
Gutxieneko diru-sarrera
Gutxieneko diru-sarrera Euskadira transferitzeko akordioa itxi dute Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak
Akordioa Transferentzien Batzorde Mistoan gauzatuko da. Akordioa prestazio hori kudeatzeko prozeduraren inguruan zeuden "desadostasunak" gainditu ondoren lortu da, Jaurlaritzak azaldu duenez.
EITB Media
Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak akordioa itxi dute, gaur arratsaldean, Euskal Autonomia Erkidegoari Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarreraren eskuduntza osoa transferitzeko, EAEko Exekutiboak ohar batean baieztatu duenez. Horrela, Jaurlaritzak bere gain hartuko ditu kotizazio gabeko prestazioak kudeatzeko eginkizunak.
Akordioa, ondoren, Transferentzien Batzorde Mistoan gauzatuko da.
Transferentziaren ondorioz, Eusko Jaurlaritza arduratuko da gutxieneko diru-sarrera izapidetzeaz, aitortzeaz eta ordaintzeaz, eta, ondorioz, amaiera emango zaio orain arte EAEn prestazio horren kudeaketa arautzen zuen kudeaketa-gomendioari.
Akordioa prestazio hori kudeatzeko prozeduraren inguruan zeuden "desadostasunak" gainditu ondoren lortu da, Jaurlaritzaren arabera. "Desadostasun horiek ezin izan ziren guztiz gainditu" joan den astean bi gobernuen artean egindako batzorde teknikoan, erantsi duenez.
Aste honetan zehar, areagotu egin dira Lurralde Politikako Ministerioaren eta Olatz Garamendi buru duen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren arteko harremanak, eta azkenean, bi aldeen arteko adostasuna lortu da.
Jaurlaritzaren ahotan, akordioak "transferentzia izan behar denaren estandarrak" errespetatzen ditu, bai eta Ekonomia Itunaren finantzaketa-araubidea ere, Kupoaren bidezkoa. Horrela, Euskadik bere aurrekontuen kargura ordainduko ditu prestazioari dagozkion zenbatekoak.
EAEko Exekutiboaren hitzetan, "transferentzia osoa izango da, eta denbora-mugarik gabekoa".