Politika -

Krisia Alderdi Popularrean

Baroiek babesa agertu diote Feijoori, PPko hurrengo presidentea izan dadin

Apirilaren 2an eta 3an ezohiko kongresua egiteko asmoa dute PPn. Hala ere, alderdi barruan kongresu hori gehiago atzeratzea espero dute beste batzuek, Alberto Nuñez Feijook Galizian bere ondorengotza hobeto antolatu ahal izateko.

Alberto Nuñez Feijoo Galiziako presidentea PPko egoitza nagusira iritsi denean. Argazkia: EFE
Alberto Nuñez Feijoo Galiziako presidentea PPko egoitza nagusira iritsi denean. Argazkia: EFE
Alberto Nuñez Feijoo Galiziako presidentea PPko egoitza nagusira iritsi denean. Argazkia: EFE

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PPko buruzagi batzuek Pablo Casadori dimisioa berehala emateko eskatu diote bileran, eta Alberto Nuñez Feijoo laudatzeko aprobetxatu dute beren txanda, Alderdiko Popularreko iturriek jakitera eman dutenez.

PPko presidentearen eta alderdiko buruzagien arteko bilera 20:45ean hasi da Alderdi Popularraren egoitza nagusian, Madrilen. Aldez aurretik, Casado eta Alberto Nuñez Feijoo elkarrekin bildu dira.

Pablo Casadok alderdiaren buruzagitzari noiz arte eutsiko dion da orain zalantza nagusietako bat. PPko buruzagiek eta lurralde kargudunek dimisioa lehenbailehen, asteazken honetan bertan, ematea nahi zuten, baina beste alderdikide batzuek datorren astearteko Zuzendaritza Batzordea edo ezohiko kongresua egin arte eustea nahi zuten.

Hori bai, gaurko bilera hasi baino lehen, baroiek babesa agertu diote Feijoori alderdiko hurrengo presidentea izan dadin.

Apirilaren 2an eta 3an ezohiko kongresua egiteko asmoa dute PPn, baina Casadok eta lurralde buruzagiek erabaki beharreko data da; beraz, ez dago itxita, alderdiko iturrien arabera.

Alderdi barruan kongresu hori gehiago atzeratzea espero dute beste batzuek, Alberto Nuñez Feijook Galizian bere ondorengotza antolatuago utzi ahal izateko.

Zuzendaritza Batzorde Nazionalaren bilera martxoaren 1erako deitu du Casadok. Gai zerrendan, XX. Kongresu Nazionalaren deialdia izango dute, baita presidente nazionalaren txostena eta "galde-eskeak" ere.

Ana Beltran PPko hirugarrenak ziurtatu du Casadoren "erabaki pertsonala" dela, baina Alderdi Popularreko agintariak arratsaldean lurraldeetako presidenteak "entzun" eta "alderdiarentzako onena, batasuna bilatuz", egingo duela uste du, "alderdia aurrera ateratzeko".

Azken orduetan publikoki iritzia eman duten buruzagi gehienak batasun hautagaitza baten alde agertu dira. Hala ere, bart, La Sexta telebista-katean, Teodoro Garcia Egea PPko idazkari nagusi ohiak bigarren zerrenda edo hautagai bat aurkeztea ez zuen baztertu.

Carlos Iturgaiz EAEko PPren presidenteak Casadori "pausoa alde batera" emateko eskatu dio, eta Feijoo "aurrerapausoa ematera" animatu du, Sanchezen gobernuaren alternatiba "lehenbailehen" izateko.

Genova kaleko egoitza nagusira heltzean, Iturgaizek esan du PP "sekula baino indartsuago" ateratzea espero duela, eta, horretarako, ezohiko kongresua "beharrezkoa eta premiazkoa da". "Batasun kongresua izan behar da, hautagai bakarrarekin", ohartarazi du.

Trantsizioa kongresura arte

Galiziako presidentea da faborito nagusia, Feijook alderdia zuzentzeko aurrerapausoa emateko atea zabalik utzi ondoren. Hala ere, gauean mahai gainean izango den erabakietako bat alderdia kongresura arte nola gidatu izango da, hau da, trantsizioa nola egin.

Europa Press albiste-agentziak aipatutako iturrien arabera, azkenean Casadok Zuzendaritza Batzordera arte eusten baldin badio, organoak kongresua antolatzeko batzorde bat onartuko du. Buruzagien, batez ere Feijooren, konfiantzazko pertsonek osatuko dute. Gainera, litekeena da Batzorde Exekutiboaren koordinatzaile edo bozeramaile bat izendatzea.

Galiziako PPk uste du oraingoan bai emango duela Feijook aurrerapausoa, alderdiko ahots ugarik publikoki eskatu bezala.

Horien esanetan, Casado presidenteak tokia berehala uztea nahi du Galiziako alderdiak, behin-behineko organoa lehenbailehen martxan jartzeko.

Estatutuek kongresua deitu eta egiteko "30 eguneko tartea soilik" aurreikusten dute "premiazko salbuespen egoeratan". Epe labur hori emateko, "deialdian premiazko arrazoiak zeintzuk diren zehaztu beharko dituzte".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PP Gaurko albisteak Nafarroan Espainia Alderdi politikoak Euskadiko PP berriak Eguneko albisteak Albisteak Pablo Casado Blanco Carlos Iturgaiz PPko presidentea