Politika -

Krisia PP-ren baitan

Aduriz: "Iturgaiz egoera oso zailean uzten du Casadoren eta Ayusoren arteko guda honek"

Alderdi Popularraren lurralde egitura guztiei eragingo die Pablo Casado PPko buruaren eta Isabel Diaz Ayuso Madrilgo presidentearen artean lehertu den krisiak, eta EAEko eta Nafarroako popularrak ere ez dira libratuko. Hala iritzi dio Iñigo Aduriz eldiario.eus-eko kazetariak eta politikan adituak.

Iñigo Aduriz eldiario.es-eko kazetaria, asteon ETBn egindako elkarrizketa batean.
Iñigo Aduriz eldiario.es-eko kazetaria, asteon ETBn egindako elkarrizketa batean.
Iñigo Aduriz eldiario.es-eko kazetaria, asteon ETBn egindako elkarrizketa batean.

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aspalditik zegoen hausturaren zauria zornetuta PPren barruan, baina aste honetan hasi da zikinkeria guztia azaleratzen, indartsu hasi ere. Oilar jokoa bailitzan, Pablo Casado PPko presidenteak eta Isabel Diaz Ayuso Madrilgo Erkidegoko presidenteak alderdiaren buruzagitza lortzeko bidean duten borroka muturrera eraman dute. Espioitza kasu batek eta horren atzetik ezagutu den beste ustelkeria kasu batek eraman ditu gotorlekura.

Gaztela Leongo hauteskundeen emaitzetan jarri du begirada Iñigo Aduriz eldiario.es agerkari digitaleko kazetariak eta politikan adituak. Casadoren estrategiaren huts egiteari errenta ateratzeko trikimailu gisa ikusten du Ayusoren aldekoek espioitzaren gaia atera izana. Atzera bueltarik ez duen haustura baten aurrean gaudela uste du kazetari donostiarrak, eta EAEko eta Nafarroako buruzagi popular asko kinka larrian ikusten ditu, Carlos Iturgaiz EAEko PPko burua eta Ana Beltran Nafarroako PPko presidentea, besteak beste.

PPren baitan krisia lehertu da. Botererako bidean, batak bestea paretik kentzeko maniobrak. Azaldu iezazkiguzu korapiloaren gako nagusiak.

Lerroburu batean esateko, gertatukoa ondorengoa izan da: Ayuso saiatu da lagun dituen komunikabideei filtratzen espioitza kasu bat, ustelkeria kasu bat ezkutatzeko edo, behintzat, bigarren maila batean uzteko. Azken batean, hor sakonean dagoena da bere anaiak eskupeko bat jaso zuela pandemiaren une okerrenean, Madrilgo Erkidegoko Gobernuak emandako kontratu baten truke. Zer gertatu da? Gaztela Leonen izandako emaitzen ondoren, Ayusoren eta Casadoren arteko guda abian jarriko zela uste zuten, garrantzia gehiago hartuko zuela lehia horrek, emaitzak Ayuso indartzen zuelako eta Casadoren estrategiak ez zuelako funtzionatu. Egoera hori aprobetxatu du Ayusoren inguruak guda hau berpizteko eta Casado paretik kentzeko, horrelako filtrazioekin.

Zein egoeratan uzten du honek Alderdi Popularra? Nori egiten dio kalte eta nori mesede?

Nire ustez, alde organikotik Casadok irabazteko dena dauka. Berak kontrolatzen du aparatu osoa eta barne egitura guztia. Ayusok, aldiz, ez dauka kargu organikorik, ez da ezta Madrilgo PPko burua ere, eta orain zabaldu dioten espediente horrekin, Casadok bere indar guztia dauka Ayusorekin nahi duena egiteko. Horren adibide bat izan daiteke azken orduotan PPko Kongresuko diputatu guztiak nola atera diren, Cayetana Alvarez de Toledo izan ezik, Casadori babesa azaltzera.

Dena dela, nahiz eta Casadok kontrol organikoa izan, kaleko iritzia ezin du kontrolatu. Atzo, esaterako, berehala ikusi genituen manifestaldiak Genovako egoitzaren parean bere aurka. Beraz, alde organikoan Casado gailendu arren, gerta daiteke iritzi publikoarentzat edo Madrileko eskuineko hautesleentzat Casado galtzaile ateratzea. Ayuso alderditik botatzen badute, datorren agertokia ez da erosoa izango ez batarentzat eta ez bestearentzat. Banaketaren kontestu horretan, oso garbi dut  nor aterako den irabazten: eskuin muturra, Vox.

Hego Euskal Herritik begiratuta, buruzagi batzuk hasi dira posizionatzen. Nola eragingo dio krisi honek EAEko eta Nafarroako Alderdi Popularrari?

Egitura oso zipriztinduko du haustura honek, eta EAEko eta Nafarroako kasuan nahiko nabarmena izango da. Nafarroako kasuan, esaterako, Nafarroako PPko burua Ana Beltran da, Casadoren taldekoa eta konfiantza osoko buruzagia. Azkenean, guda horretan Ayuso ateratzen bada irabazle, Beltranek arazo handiak izango ditu parez pare. Eta agian, egoera zailena Iturgaizena izango litzateke. Alde batetik, Casadok jarri zuen hor, Euskadiko PPren buruzagitzan, baina bestalde, Iturgaizek konfiantza osoa du Jose Maria Aznarrengan, eta Aznar Ayusoren alboan agertu da beti. Horregatik, lehen ordu hauetan, Iturgaiz isilik mantendu da, bere posizioa oso zaila delako

Aditu askok Voxen gorakada aipatzen duzue krisi honen albo ondorioetako bat bezala. Hego Euskal Herrian ere bai?

Hemen beste dinamika bat dago. Azkenengo hauteskundetan eta azken urteotako eboluzioan ikusi dugunaren arabera,  PPk izandako botoak beste alderdi batzuetara joan dira denborarekin, eta ez eskuin muturrera; PSOEra eta EAJra joan dira.  Adibidez, Donostiako kasuari erreparatuta, boto asko eta asko, orain urte batzuk PPk bereganatzen zituenak, orain EAJn daude. Egia da, agian, Voxek zerbait irabazi dezakeela Hego Euskal Herrian ere, baina nik ez dut ikusten Madrilgo dinamika hori hemen.

Aurrera begira, zein agertoki aurreikusten duzu Espainiako politikagintzan?

Krisi honetatik, Ayuso eta Casado biak aterako dira galtzaile, eta horrek Estatu mailako politikagintza baldintzatuko du, guztiz. Azken batean, Pedro Sanchezek hauteskunde orokorrak aurreratu edo ez erabakitzerako PP nola dagoen ikusi beharko du. Hau da, PP zein egoeratan dagoen eta eskuin muturrak ze goraldi izan dezakeen. Estatu mailan eragin izugarria izango du horrek.  Espainiako Kongresuan ere, hemendik aurrera, Casadoren oposizioa nahiko desaktibatuta geratuko da, gai hau behin eta berriro aterako baitute talde guztiek.

Casado-Ayuso hausturak ez du atzera bueltarik. Hemendik aurrera, hedabideek informazioaren fokua non jartzen duten, hor egongo da gakoa: Ayusoren ustezko ustelkeria gailentzen bada lerroburuetan hilabetez hilabete,  ahuldu egingo da bere irudia eta ez du bere proiektua aurrera eramateko indarrik izango. Atzo eta gaur, fokua espioitzaren kasuan zentratu dute eskuineko komunikabideek, baina hemendik hilabete batzuetara ustelkeriaren inguruan hitz egiten egongo dira denak. Madrilgo biztanleriak ere, egunero ikusiko ditu ustelkeriarekin lotutako albisteak, eta horrek asko baldintzatuko du Madrilgo presidentearen irudia.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Alderdi Popularra Nafarroa EAE Espainiako Gobernua bideoak Espainia bideoak Euskadiko PP Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Hauteskundeak Pablo Casado albisteak Carlos Iturgaiz