Politika -
radio euskadi
EAJk eta PSEk berretsi dutenez, lan-erreformaren inguruko polemikak ez dio eragingo EAEko koalizio gobernuari
EAJ eta EH Bildu kritiko azaldu dira PSEk eta Elkarrekin Podemos-IUk babesten duten erreformaren edukiarekin. PPk bestalde, uste du erreforma Rajoyren gobernuarena dela, ñabardura batzuekin.
eitb media
Ostegun honetan Diputatuen Kongresuan onartutako lan erreformak zer esana ematen jarraitzen du. Radio Euskadiko Parlamento en las Ondas saioan, euskal legebiltzarkideak behe-ganberako eztabaidaz aritu dira.
Leixuri Arrizabalaga EAJko legebiltzarkideak "show" eta "ikuskizun berlangiano" izendatu du Diputatuen Kongresuan bizitakoa. Gainera, haren aburuz, Gobernuak lortutako babesak estrategia politiko baten emaitza dira, eta ziurtatu du boto asko beste batzuek bozkatutakoaren aurreko "erreakzioa" izan zirela.
EH Bildu taldetik, Iker Casanovak "penagarri" gisa definitu ditu eztabaida eta horren osteko lan erreformaren bozketa. Ezkerraren "porrot historikotzat" jo du lan erreformaren onartzea, eta uste du "aukera paregabea eta errepikaezina" galdu dutela, Mariano Rajoyren Gobernuaren garaian galdutako lan eskubideak berreskuratzeko.
Ezezko botoa eman zutenen artean dago PP, Alberto Casero diputatuaren salbuespenarekin, akats informatiko bat izan zela azaldu baitzuen. Carmelo Barrio popularrak adierazi duenez, lan erreforma Rajoyren Gobernuarena da, baina "ñabardura batzuekin". Edonola ere, azaldu du "ezetz bozkatu" zutela gobernuak ez zielako "hitz egiteko edo negoziatzeko dei egin".
Gloria Sanchez eta Iñigo Martinez legebiltzarkideek, PSE eta Elkarrekin Podemos-IU taldeetakoak, hurrenez hurren, testua babestu dute "langileen eskubideak berreskuratzea" baimentzen duelako, baina onartu dute "asko" dagoela egiteko, eta ez dute baztertu "lan erreforma gehiago" aurrera ateratzea, aldaketa berriak gehitzeko.