Politika -
Ikerketa batzordea
Elizaren sexu-abusuen ikerketa, Diputatuen Kongresura iristeko zorian
Unidas Podemosek, ERCk eta EH Bilduk egindako eskaera onartzeko prest agertu da Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua. Ciudadanos ere ekimenaren alde azaldu da.
Agentziak | EiTB Media
Diputatuen Kongresuan, Eliza katolikoak adingabeei egindako sexu-abusuen inguruko ikerketa batzordea sortzea hurbilago dago; izan ere, Unidas Podemosek, ERCk eta EH Bilduk egindako eskaera onartzeko prest agertu da Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua. Ciudadanos ere ekimenaren alde azaldu da.
Abusuen azken salaketaren ostean gaiak indar handiagoa hartu du; izan ere, 8-9 urte zituela Premia de Marreko (Bartzelona) La Salle ikastetxeko apaiz batek, irakasle eta tutoreak, bortxatu, masturbatu eta ukituak askotan egin zizkiola salatu du Alejandro Palomas idazle ezagunak.
Zentzu horretan, Palomasen (Bartzelona, 1967) "kemena" eta "ausardia" eskertu ditu Pedro Sanchezek. 2016an Haur eta Gazte Literatura Sari Nazionala eta 2018an Nadal eleberri saria jaso zituen idazleak.
Gainera, Eliza katolikoan adingabeei egindako sexu erasoak eta abusuak argitzeko, Diputatuen Kongresuan ikerketa batzorde bat sortzeko prest azaldu da Espainiako presidentea, Unidas Podemosek, ERCk eta EH Bilduk eskatu bezala. Hala ere, aurrena biktimekin hitz egitea eta haien testigantzak entzutea izango dela esan du Sanchezek.
Ikerketa batzordea sortzea babestuko duela iragarri du Ciudadanos alderdiak. Ondorioz, sozialisten babesa baldin badu, ekimena aurrera aterako litzateke. PPk, ostera, aurkako botoa emango du, ekintzarako esparrua judiziala izan behar dela uste duelako.
Batzordea sortzea planteatu zuten indar politikoek uste dute abusuak egoitza parlamentarioan ikertzeak auzi preskribatuen biktimei erreparazio bat erraztu dezakeela, askatasunez euren esperientzia kontatzeko esparru bat emanez eta erakundeen erantzukizuna onartuz.
Kongresuak abusuak ikertzeko aukerak beste bide bat irekitzen die biktimei, Juan Jose Omella Gotzainen Biltzarreko presidenteak "oraingoz" batzorde independente bat sortzea baztertu ondoren, nahiz eta Portugal bezalako herrialdeek tresna hori martxan jarri.