Politika -

Auzitegi Nazionala

Gregorio Ordoñezen hilketarekin zerikusirik izan ez zuela adierazi du Mikel Albisuk

Auzitegi Nazionalak preso ohiari pasaportea kentzeko agindua eman du eta Espainiatik ateratzeko debekua ezarri dio. Mikel Albisu 2019ko urtarrilean atera zen espetxetik, Frantzian jarritako zigorra osorik beteta.

Mikel Albisu, epaitegitik atera ostean. Argazkia: EFE
Mikel Albisu, epaitegitik atera ostean. Argazkia: EFE
Mikel Albisu, epaitegitik atera ostean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mikel Albisu preso ohiak Donostiako Justizia Jauregian deklaratu behar izan du gaur goizean, Gregorio Ordoñezekin hilketan nahasita egon ote zen ikertzen ari baitira orain Auzitegi Nazionalean. ETAk 1995eko urtarrilaren 23an hil zuen Alderdi Popularreko zinegotzia.  

Mikel Albisuk ukatu egin du hilketa horrekin inolako zerikusirik duenik eta azpimarratu du osorik bete zuela ETAko kide izateagatik ezarri zioten kartzela-zigorra. 2019ko urtarrilean geratu zen libre Frantzian.

Bestalde, Ordoñezen familiaren abokatu Ruben Mugicak "ahaleginak bikoiztea" eskatu du, "talde kriminaleko buruzagiak izan zirenak zigortuak izan daitezen".

Deklarazioa amaituta, saio arin bat egin dute Dignidad y Justicia elkarteak eskatutako kautelazko neurriak aztertzeko.

Albisuk ihes egiteko arriskua dagoela onartuta, Auzitegi Nazionalak preso ohiari pasaportea kentzeko eta Espainiatik irteteko debekua ezartzeko agindua eman du.

Halaber, berarekin harremanetan jartzeko bizileku bat zehazteko eta telefono zenbaki bat emateko eskatu diote.

Neurri horietakoren bat urratuz gero, edo deklaratzera deitzen dutenean epaitegian agertu ezean, behin-behinean espetxera bidal dezaketela ohartarazi diote.

Edonola ere, ebazpena ez da irmoa eta datozen hiru egunetan Albisuren defentsak helegitea aurkezteko aukera izango du.

Epaitegitik atera ostean, Albisuk adierazi du ETAko kide izateagatik Frantzian ezarri zizkioten 20 eta 5 urteko zigorrak bete zituela azpimarratzeko baliatu duela bere hitzartzea.

Horrez gain, bere kontrako akusazio berriak "torturan eta gezurretan" oinarritzen direla salatu du.

Mikel Albisu babesteko Sorturen elkarretaratzea.

 

Sorturen elkarretaratzea

Bestalde, Sortuk elkarretaratzea egin du Donostiako epaitegiaren kanpoaldean Albisuri babesa eta elkartasuna adierazteko eta konponbide eta bakea aldarrikatzeko.

Haimar Altuna Sortuko buruzagiak kritikatu du "ezker independentista bakea, bizikidetzaren eta konponbide demokratikoaren aldeko urratsak ematen dituen bitartean, betikoak bide hori oztopatzen saiatzen" ari direla.

Mobilizazio horren harira, Carlos Iturgaiz Euskadiko PPko presidenteak nazkagarritzat jo du Albisu txalo artean hartu izana.

"Miserableak dira. Ongietorriak egiteari utzi beharrean, biktimak umiliatzen segitzen dute. Goyo Ordoñez nire kidea hil zuen ETAk eta erakunde horren buruzagiari luxuzko harrera egin diote. Terrorismoari gorazarre egiteko beste erakustaldi nazkagarri bat izan da", salatu du Twitter sare sozialean idatzitako mezu batean.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Politika Donostia Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa Presoak ETA Eguneko albisteak Albisteak Terrorismoaren Biktimak