Politika -
konstituzioaren eguna
Euskadiko Mugimendu Errepublikanoak eta Ezker Anitzak Konstituzio errepublikanoa eskatu dute
Mugimenduek elkarretaratzeak deitu dituzte Donostian eta Gasteizen, Konstituzioaren Eguna dela eta. Prozesu konstituziogile berria eskatu dute, "Estatuko defizit guztiekin amaituko duen" Errepublika Federala ezartzeko.
agentziak | eitb media
Euskadiko Mugimendu Errepublikanoak eta Ezker Anitzak elkarretaratzea egin dute astelehen honetan Donostian eta Gasteizen, Konstituzioaren Eguna dela eta. Monarkiaren amaiera eskatu dute, eta "Estatuko defizit guztiei amaiera ipiniko dien" Konstituzio errepublikano bat.
Donostian, 12:00etan izan da elkarretaratzea Ijentea kalean, Udaletxeko atzealdean, 'Errepublika garaia da' lelopean. Bertaratu direnek ikurriñak eraman dituzte, baita bandera errepublikanoak eta Ezker Anitzaren banderak ere. Alderdiko ordezkariek parte hartu dute ordu erdi luzatu den elkarretaratzean, Isabel Salud koordinatzaile nagusiarekin eta Arantza Gonzalez Gipuzkoako koordinatzailearekin batera. Errepublikaren aldeko manifestu baten irakurketarekin eman diote amaiera ekitaldiari.
Gasteizen, Andre Maria Zuriaren plazan izan da elkarretaratzea, ordubete beranduago.
Hedabideei egindako adierazpenetan, Hugo Martin Santosek, Euskadiko Mugimendu Errepublikanoaren izenean, salatu du astelehen honetan ospatzen den Konstituzioak ez duela "eduki sozial eta demokratikorik". Halaber, adierazi du Konstituzioari eusten dion monarkia "antidemokratikoa" dela eta ez duela "herriaren burujabetza" errespetatzen.
"Konstituzio hau onartu zenetik 43 urte igaro diren honetan, bada garaia hura berritzeko eta prozesu konstituziogile berria abiatzeko, guztiok ordezkatuko gaituena eta Estatuko defizit guztiekin amaituko duena", gaineratu du.