Politika -
EPPK
Jaurlaritzak "urrats gehiago" eskatu dizkie ETAko presoei
Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak argitu gabeko kasuetan laguntzeko eta "egindakoa injustua" izan zela aitortzeko eskatu die.
agentziak | eitb media
Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politikako sailburuak "urrats gehiago" egiteko eskatu dio EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboari, argitu gabeko kasuetan laguntzea eta "egindakoa injustua" izan zela aitortzea, besteak beste.
Artolazabal Begoñako (Bilbo) hilerrira joan da, bertan, Gogoraren eta Udalaren ekimenez, Aranzadi Gerra Zibileko 60 biktimaren arrastoak berreskuratzeko lanean ari baita.
Sailburuak EPPKren aste honetako erabakia izan du hizpide. Izan ere, Foro Sozialarekin batera "argitu gabeko kasuak" lantzeko konpromisoa hartu du.
Horren harira, Artolazabalek esan du "oraindik beharrezkoa" dela "pauso asko ematea hilketa batzuk argitzeko", ez dakitelako nortzuk diren egileak eta "nola egin ziren". Hala ere, aitortu du "aurrerapausoa" izan daitekeela "Euskadin bizikidetza hobetzeko", "berandu" iritsi arren.
Haren esanetan, ETAko presoek pauso gehiago eman behar dituzte, tartean, adieraz dezatela "egindakoa injustua" izan zela eta "beharrezkoa" dela "bizikidetza ezartzea, eta 'Udaberri plan'arekin egonkortzea".