Politika -

Polemika

Ikus-entzunezkoen legearen harira beste akordio bat adosten saiatuko dira PSOE eta ERC

Bi alderdietako ordezkaritzak ostegun honetan bilduko dira berriro krisiari irtenbidea emateko asmoz. Nazioarteko plataformek euren eskaintzaren zati bat euskaraz, katalanez eta galegoz emango dutela bermatu nahi du ERCk.

Gabriel Rufian ERCko bozeramailea. Argazkia: EFE
Gabriel Rufian ERCko bozeramailea. Argazkia: EFE
Gabriel Rufian ERCko bozeramailea. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ikus-entzunezkoen legearen harira aste honetan sortu den polemikari konponbidea bilatzeko asmoz, bilera telematikoa egin dute asteazken arratsaldean PSOEk eta ERCk. Ez dira ados jarri, baina ostegun honetan berriro batzartzea erabaki dute, Europa Press agentziak iturri sozialistak aipatuz jakinarazi duenez.

Alderdi Sozialistaren izenean, Felix Bolaños Presidentetza ministroa, Maria Jesus Montero Ogasun ministroa eta Hector Gomez Kongresuko sozialisten bozeramailea aritu dira bertan. ERCren aldetik, berriz, Gabriel Rufian ERCk Kongresuan duen bozeramaileak eta Marta Vilalta eta Josep Maria Jove alderdiko buruzagiak hartu dute parte.

Bi alderdiek adostu zuten ikus-entzunezkoen lege berriari esker, streaming bidezko plataformek edukien % 6 katalanez, euskaraz edo galegoz eskaintzea bermatuko dela azpimarratu zuen ERCk.

Alabaina, PSOEk ondoren zehaztu zuen baldintza hori Espainiako plataformek soilik bete beharko dutela eta nazioartekoak, Netflix eta HBO tartean, salbuetsita geldituko direla, Espainiatik kanpo dutelako egoitza nagusia.

Interpretazio horrek ERCren haserrea eragin zuen eta Estatuko Aurrekontu Orokorrak ez babesteko mehatxua egin du; izan ere, Espainiako Gobernuaren 2022. urteko aurrekontuak onartzeko jarri zuen baldintzetako bat horixe izan zen: plataforma handiek beren edukien zati bat Estatuko hizkuntza koofizialetan emango dutela bermatzea.

Gauzak horrela, bi alderdiek bilera egin dute gaur, baina ez dira ados jarri, eta bihar berriro batzartuko dira, legearen letra txikiari buruz eztabaidatzeko.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika PSOE Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Eguneko albisteak Albisteak ERC