Politika -
Biktimak
Mayak indarkeria mota guztiak errefusatu ditu, baina ez du arrazoirik ikusten barkamena eskatzeko
Iruñeko alkatearen ustez, bere alderdiak "ez du ezer egin indarkeria hori gertatzeko", aldiz, esan duenez, "egin duten beste batzuek ez dute barkamenik eskatzen". Iñaki Iriarte alderdikidearen hitzak "goraipatzeko moduko keinua" direla esan du.
O.P. | Eitb Media
Enrique Maya (Na+) Iruñeko alkateak "indarkeria mota guztiak" errefusatu ditu eta "autokritika" egiten dutela esan du, baina ez dutela zertan barkamena eskatu behar, ez dutelako "indarkeria hori gertatzeko ezer egin". Gaineratu deuenez, "beste batzuek egin dute, baina ez dute barkamenik eskatzen".
Horrela mintzatu da kazetarien aurrean Iñaki Iriartek (Na+) Legebiltzarrean emandako hitzei buruz galdetu diotenean. Iriartek, Mikel Zabalza, Mikel Arregi eta German Rodriguez bezalako biktimei buruz esan zuenez, ez zuten jakin "senideei gure maitasuna adierazten, ezta justiziarako duten eskubidea behar bezala babesten ere"; eta gaineratu zuenez, "ez zaigu kostatzen familiei barkamena eskatzea, oker bagaude".
Hori autokritika bat eta koalizioak (UPN, PP eta Cs) partekatutako jarrera bat ote den galdetuta, "autokritika beste alderdi batzuek egitea" gustatuko litzaiokela erantzun du Mayak; "Iriartek esan zuena da seguruenik ez garela izan behar bezain sentibera pertsona horien aurka erabili zen indarkeria horren aurrean".
Ildo horretan, eskatu du "ETAren indarkeria gaitzesten ez duten alderdiek memoria, justizia eta erreparazioa eska dezatela biktimentzat", hilketen nondik norakoak ezagutzen dituztenek horiek argitzen lagun dezatela eta utzi diezaiotela "antzerkia egiteari".
Iriarteren hitzei buruz esan du "biktima guztiekin sentikorrak izan behar garela esatea goraipatzeko moduko keinua" dela.
PSNk eta Geroa Baik hitzetatik ekintzetara pasatzeko eta Bizikidetza Planera itzultzeko egindako eskaerari dagokionez, Mayak esan du ez dakiela zer gerta daitekeen, baina bi alderdi horiek eta EH Bilduk egin behar dutena "Navarra Suma baztertzeari uztea" dela, "gero foro guztietan egotea exijituko badigute".