Politika -

COVITE SARIAK

Consuelo Ordoñezek gaitzetsi egin du Otegik "bakeari buruzko lezioak eman nahi izatea"

Ordoñez buru duen Covite ETAko biktimen elkarteak Martin Alonso Zarza Zientzia Politikoetako katedraduna saritu du gaur Donostian. Gogoan izan dituzte Joseba Arregi eta Mikel Azurmendi zendu berriak ere ekitaldian.

Consuelo Ordoñez Donostian, hizketan. Argazkia: EFE
Consuelo Ordoñez Donostian, hizketan. Argazkia: EFE
Consuelo Ordoñez Donostian, hizketan. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Larunbat honetan, Donostian, Covite ETAko biktimen XX. Nazioarteko Saria eman diote Martin Alonso Zarza Zientzia Politikoetako katedradunari. Ekitaldi horretan, Consuelo Ordoñez elkarteko presidenteak gogor kritikatu du Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak "bakeari buruzko lezioak eman nahi izatea" eta biktimak "bizikidetza demokratikoaren adibide" direla esan du, "indarkeriari indarkeriarekin inoiz erantzun ez" diotelako.

EH Bilduk eta Sortuk urriaren 18an egindako adierazpenean, ETAren biktimen mina bere egin eta "inoiz ez zela gertatu behar" esan zuen Otegik. Hasiera batean "zerbait berritzailea" iruditu zitzaiola esan du Ordoñezek, baina gero, "ondo aztertuta", ohartu zela "tranpa bat zela, beti bezala ezker abertzalearen hizkuntzan".

"Hizkera noblearen gehiegizko erabilera dago, justifikaezina justifikatzen duen hizkuntzaren ingeniaritza, baina inolako erreferentziarik ez terroristei Euskadiko errealitate soziala moldatzea ahalbidetu zien jende erradikalizatu sarea sortu zuen fanatismo ideologikoari, ezta euren buruzagiek aurkarien aurkako jazarpena bultzatuko zuen giro soziala sustatzeko ondo kalkulatuta sortutako estrategiari ere" esan du.

Estrategia horren arduradunek "herritar gehienek ETA bezalako munstro gaizto bat onartzea zekarren inguru bat sortu" zutela gaineratu du "nolabaiteko normaltasunez, halabeharrezko zerbait balitz bezala", eta "gizarte osoari eta zuzenbide estatu osoari egindako kalte sozial eta politiko hori ezker abertzaleko buruzagiek beren gain hartu eta gaitzetsi behar dute, orain ere ETAk hiltzen zuenean zeuden buruzagi berdinak baitaude" bere iritziz.

Pertsona horiek "inpunitate osoa" dutela salatu du coviteko buruak, "inork ez duela marko hori zalantzan jartzen", eta "demokraziako munstro handiena eraikitzeagatik ez dutela ordaindu eta ez dutela ordainduko" erantsi du.

"Gainera, biktimei bakeari eta bizikidetzari buruzko lezioak ematen saiatu da Otegi, gu indarkeriaren zurrunbiloa hautsi eta bizikidetza demokratikoaren eredu izan garenean, indarkeriari ez baitiogu inoiz indarkeriarekin erantzun" argudiatu du Ordoñezek.

Amaitzeko, ETAk jarduera utzi zuenetik hamar urte igaro diren honetan, "ETAk eta bere inguru politikoak iragana gaitzestea ezinbesteko baldintza" dela Coviterentzat esan du.

Consuelo Ordoñez y Martín Alonso Zarza. Foto: EFE

Martin Alonso Zarzak (Avila, 1951) ETAren biktimak "espazio publikoetan ikustera eman behar" direla defendatu du bere hitzaldian, "memoriagatik, laguntasunagatik eta pedagogiagatik". Ildo horretan, presoek biktimak eta elkarteek baino "espazio askoz gehiago" hartzen dutela komunikabideetan ohartarazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arnaldo Otegi Politika Donostia Herriak eta Hiriak Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa ETA Eguneko albisteak Albisteak Terrorismoaren Biktimak