Politika -
Auzitegi Konstituzionala
Konstituzionalak onartu egin du Bateraguneren epaiketa errepikatzearen aurkako helegitea
Otegik adierazi du erabakiak agerian uzten duela epaiketa errepikatzeko eskaerak "helburu politikoak" dituela, "ez juridikoak".
agentziak | redacción
Auzitegi Konstituzionalak onartu egin du Bateragune auziko zigortuek epaiketa errepikatzearen aurka jarri zuten helegitea. Auzitegi Gorenak ebazpen baten bidez agindu zuen epaiketa errepikatzea, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak zigorrak bertan behera utzi ostean.
Hori horrela, Arnaldo Otegi ezker abertzalearen buruzagiak esan du erabakiak agerian utzi duela epaiketa errepikatzeko eskaerak "helburu politikoak" dituela, "ez juridikoak". "Aiete eta estrategia aldaketa eragozten saiatu ziren berak dira. Bakearen etsaiek indartsuak izaten jarraitzen dute, baina ez dituzte helburuak lortuko", azaldu du.
Auzitegi Konstituzionalak uste du babes helegiteak garrantzia konstituzional berezia duela, doktrina konstituzionalik ez duen oinarrizko eskubide bati eragiten diolako.
Otegiri eta Rafa Diez LABen idazkari nagusi ohiari 10 urteko kartzela-zigorra eta gaitasungabetzea ezarri zien Auzitegi Nazionalak erakunde terroristako kideak izatea egotzita, eta zortzi urtekoa gainerakoei (Arkaitz Rodriguez, Miren Zabaleta eta Sonia Jacinto).
Ebazpena berrikustean, Gorenak 6 eta 6 urte eta erdira jaitsi zituen zigorrak, eta Konstituzionalak oniritzia eman zion; baina Europako Giza Eskubideen Auzitegiak auzipetuei eman zien arrazoia 2018ko azaroan, epaiketa justua izateko eskubidea urratu zietelakoan.
Auzitegi Gorenak epaiketa errepikatzeko agindua eman zuen defentsak eta akusazioek sakoneko gaiaren inguruko ebazpena merezi dutela iritzita, Estrasburgoren erabakiak ez duelako absoluzioa ematen. Hori horrela, lehenengo epaiketan parte hartu ez zuten epaileek egin behar zuten epaiketa berria.
Besteak beste, auzipetuek helegitean salatzen zuten zigorrak beteak dituztela jada.
Orain, Konstituzionalak tramitera onartu du helegitea, eta beste pieza bat ireki du sakoneko gaia aztertu arte Gorenaren ebazpena bertan behera uzteko eskaerari buruz.