Politika -

Lehen alarma egoera

Pandemia hasieran Kongresua ixtea konstituzioaren kontrakoa izan zela ebatzi du Auzitegi Konstituzionalak

Aldeko sei boto eta kontrako laurekin onartu du Auzitegi Konstituzionalak erabakia, Voxek aurkeztutako helegitea aintzat hartuta.

Kongresua, erdi hutsik, 2020ko martxoan. Argazkia: EFE
Kongresua, erdi hutsik, 2020ko martxoan.
Kongresua, erdi hutsik, 2020ko martxoan. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Konstituzionaleko osoko bilkurak gaur ebatzi duenez, 2020ko martxoan, pandemia hasieran, erakundeko mahaiak jarduera parlamentarioa eteteko hartutako erabakiak konstituzioa urratu zuen.

Bermeen auzitegiak gehiengo soilez hartu du erabakia (sei boto alde eta lau kontra), Voxek jarritako babes helegitea aintzat hartuta. Auzitegiaren esanetan, diputatuek jardun politikoan parte hartzeko duten oinarrizko eskubidea (Konstituzioaren 23. artikuluan jasoa) urratu zuen Kongresuko Mahaiak bere ebazpenarekin.

Auzitegiak ohar batean jakinarazi duenez, baliogabe utzi dute Kongresuko Mahaiak 2020ko martxoaren 19an adostutako akordioa, hots, ganberetako epeak "izozten" zituztenekoa. Horren eraginez, bertan behera geratu ziren Espainiako Gobernuak emandako erantzunak, edota proiektuei helegiteak eta legez besteko proposamenak aurkezteko aukera.

Kongresuko Mahaiak 2020ko apirilaren 21ean hartutako erabakia ere baliogabetu du Auzitegi Konstituzionaleko osoko bilkurak; Voxek martxoko akordioaren aurka aurkeztutako berraztertzeko eskaera ezetsi zuen orduan Mahaiak.

Txostena idatzi duen Antonio Narvaez magistratu kontserbadoreak uste du, eta hala jaso du ebazpenean, alarma-egoera nahiz salbuespenezko beste edozein egoera izendatzeak ezin duela "inola ere eten Estatuko botere konstituzionaletako baten funtzionamendua, bereziki, Diputatuen Kongresuarena".

Ebazpenak (orain arte epaia baino ez da jakitera eman) Juan Antonio Xiol, Candido Conde-Pumpido eta Maria Luisa Balaguer magistratuen eta Juan Jose Gonzalez Rivas epaimahaiko presidentearen boto partikularrak jaso ditu. Soslai kontserbadorea duen Gonzalez Rivasek bat egin du, oraingoan, epaimahaiko magistratu aurrerakoien irizpidearekin, eta azkenean osoko bilkuraren gehiengoak babestu du ponentziaren aurkako jarrera.

Bigarren aldia da Auzitegi Konstituzionalak Sanchezen Gobernuak pandemian hartutako erabaki juridikoen aurka egiten duela. Uztailean, 2020ko martxoko etxeko konfinamendua Konstituzioaren aurkakotzat jo zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika PSOE Espainiako Gobernua Alderdi politikoak Eguneko albisteak Albisteak Auzitegi Konstituzionala Vox Alarma egoera