Politika -
Presoak
Barne Ministerioak ETAko bederatzi preso hurbilduko ditu euskal kartzeletara
Goikoetxea eta Larretxea Martutenera eramango dituzte; Beobide, Borde eta Crespo Basaurira; Portu eta Gomez Iruñera; eta Bilbao eta Aramendi Zaballara. Crespok eta Gomezek, gainera, hirugarren gradua lortu dute.
O.P. | Eitb Media
Barne Ministerioaren esku dagoen Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak bederatzi ETAko preso Euskal Herriko espetxeetara eramatea onartu du asteazken honetan. Horietako biri hirugarren gradua eman diete, gainera.
Andoni Goikoetxea eta Joanes Larretxea Martutenera eramango dituzte, El Duesotik (Kantabria) eta Asturiastik, hurrenez hurren.
Ibai Beobide (Burgosetik), Joseba Borde (El Dueso) eta Jon Crespo (El Dueso) Basauriko espetxera eramango dituzte.
Igor Portu eta Jesus María Gomez Iruñera lekualdatuko dituzte Daroca (Zaragoza) eta Asturiastik.
Azkenik, Zaballara joango dira Unai Bilbao (Daroca) eta Alaitz Aramendi (Avila).
Hirugarren gradua Crespo eta Gomezentzat
Idazkaritza Nagusiak hirugarren gradura igarotzea onartu die Jesus Maria Gomezi eta Jon Crespori.
Gomez 2001ean espetxeratu zuten, eta 25 urterako zigorraren 3/4 2019ko apirilean bete zituen. Espetxeetako Zuzendaritzaren arabera, hirugarren gradura igarotzea onartu zaio, egun dagoen Asturiasko espetxeak baieztatu duelako "espetxe-legezkotasuna onartzen duela; erantzukizun zibila ordaintzen ari dela, banda terroristatik aldendu dela eta indarkeria erabiltzeari uko egiten dioten, barkamena eskatzen duen, eragindako kaltea deitoratzen duen eta biktimei eragindako sufrimenduaren erantzukizuna bere gain hartzen duen idatziak bidali dituela".
Jon Crespo Ortega El Dueson dago une honetan, 2002az geroztik, 25 urteko espetxe-zigorra betetzen ari da, eta 2021eko abuztuan bete zituen zigorraren 3/4ak. Crespok, Espetxe Zuzendaritzaren arabera, "espetxeetako legedia onartu du eta erantzukizun zibila asetzen hasi da. Biktimen samina arintzeko nahia agertu du, indarkeriaren erabilera arbuiatzen duen eta jarduera armatutik aldentzen den idazki baten bidez".