Politika -
Muskiz
EH Bildu "ezker abertzale historikoaren" proiektu ez bihurtzea eskatu du Garaikoetxeak
Lehendakariak, EAren sektore kritikoa babesten duenak, adierazi du ez diotela sekula muzin egingo indarkeria ekintzak gaitzesteari, ez direla horretan "eroriko".
agentziak | eitb media
Carlos Garaikoetxea lehendakariak, Eusko Alkartasunaren sektore kritikoa babesten duenak, adierazi du ez diotela sekula muzin egingo indarkeria ekintzak gaitzesteari, ez direla horretan "eroriko", ibilbide luzea dutelako arlo horretan.
Era berean, eskatu du ez bihurtzeko koalizio zabal bat "nortasun ezaugarri zehatz batzuk dituen proiektu batean, ezker abertzale historikoan", hori "tontokeri" bat izango litzatekeela iritzita.
Sorturekin eta Alternatibarekin batera EH Bildu osatzen duen Eusko Alkartasunean sektore kritiko bat dago, eta gaur ekitaldia egin du Muskizen. Udalerrietan alderdiak dituen ordezkarien lana goraipatzeaz gain, EH Bilduren barruan jokatzen duten papera aztertu dute.
EAren buru izan zen Garaikoetxeak esan du alderdiak "ibilbide historikoa" ematen diola koalizioari, eta ez duela "zamarik motxilan" udaletan indarkeria ekintzak gaitzesteko egiten diren ebazpenei uko egiteko. "Gu ez gara horretan eroriko", gaineratu du.
Hori horrela, EAk EH Bildun duen pisuari egin dio erreferentzia, eta azaldu du koalizioa osatzerakoan "baikorregiak" izan zirela agian, eta "guztia irekita" geratu zela. "Zoritxarrez, hori gertatzen denean hegemoniarako nahiak daude, boltxebikeak, eta batzuk pastel osoa nahi dute, eta besteentzat apurrak utzi", kritikatu du.
"Guk ez dugu ezer apurtu nahi eta koalizioa leherrarazi nahi haatik, eta are gutxiago alderdian arazo bat sortu", Garaikoetxearen esanetan.
Bere ustez, koalizioak "eraginkortasuna galtzen du bere izaeragatik", koalizioaren helburua "eremu politikoa zabaltzea" delako, eta "gizarteak koalizioko parte-hartzaileak eremu zabalekoak direla ulertu behar dutelako".
"Hor gaude, eta batzuk ikuspegi murritza eman nahi dute, koalizio zabal batena, sozialdemokraziatik ezker erradikalenera doana, gizartearen zati handi bat ordezkatua izan dadin. Baina ikuspegi dogmatikoa eta sektarioa emanez gero, koalizioaren bertuteak desitxuratzen dira", ohartarazi du.