Politika -
Politika Orokorreko Eztabaida
Hezkuntzako itun baten alde agertu da Iñigo Urkullu lehendakaria
Krisialditik ateratzeko, lehendakariak azpimarratu du gakoa dela Euskadi gai izatea balioak eta kualifikazio-maila handia duten pertsonak prestatzeko. Horretarako, bere konpromisoa hezkuntza etengabe hobetzea izango dela iragarri du.
I. R. | EITB Media
Pandemiak eragindako krisialditik irteteko, unean uneko neurrietatik harago, Iñigo Urkullu lehendakariak esan du gakoa izango dela balioak eta kualifikazio-maila handia duten pertsonak prestatzeko gaitasuna izatea. Horretarako, "inbertsiorik onena" hezkuntza, ikaskuntza eta ikerketa direla azaldu du gaur Eusko legebiltzarrean, 2021eko Politika Orokorrari buruzko eztabaidan.
Horren ildotik, hezkuntzaren esparruan alde askoren arteko adostasuna bilatu nahi duela iragarri du Urkulluk, eta, horretarako, Jaurlaritzaren helburua da lege-proiektu berria aurreratzea eta 2022an onartzea.
Datozen hilabeteetan hartuko dituzten neurrien artean, lehendakariak nabarmendu du eskola publikoa digitalizatzeko konpromisoa hartu dutela. Horrela, ikasle guztiek ordenagailu bana izatea aurreikusi dute, Lehen Hezkuntzako bosgarren mailatik Batxilergoko bigarren mailara.
Lanbide Heziketan, bosgarren plana gauzatzen ari direla azaldu du, baita plan berri bat prestatzen ari direla iragarri ere; adimen aplikatuaren bidez, eraldaketa garatuko duen egitasmoa izango da hori, "balioa sortzeko lankidetza-sareak" sustatuko dituena, hain zuzen ere.
"Gure erabakia da lanbide heziketa integratuaren eta errendimendu handiko lanbide heziketaren gaitasunak hobetzea", adierazi du, eta gaineratu du, horretarako, talentua sustatu, emakumeak batu eta Lanbide Heziketaren ingurunean enpresak sortzeko asmoa dutela, besteak beste.
Horri lotuta, Lanbide Heziketan eredugarria izan den prestakuntza dualaren esperientzia unibertsitatera hedatzen ari direla ere azpimarratu du Urkulluk, eta, iragarri duenez, nazioarteko 41 master edo gradu onartu dituzte.