Politika -
Gobernu Kontseilua
Euskadi "normaltasun ekonomikora hurbiltzen" ari dela nabarmendu du lehendakariak
Krisian galdutako enplegu guztia berreskuratzeaz gain, Euskadik bere ekonomia "transformatu" behar duela aurreratu du Urkulluk. Horretarako, hiru esparru nabarmendu ditu: teknologiko-digitala, energia-ingurumenekoa eta osasun-gizartekoa.
EITB Media
Eusko Jaurlaritzak urte politiko berriko lehen Gobernu Kontseilua egin du astearte honetan Donostiako Miramar Jauregian. Jaurlaritzako sailburuek Euskadik bizi duen egungo egoera sozial eta ekonomikoari buruzko ikuspegiak partekatu dituzte, eta, bileraren ostean, Iñigo Urkullu lehendakariak azpimarratu du, ekonomiari dagokionez, Euskadi "normaltasunera hurbiltzen" ari dela.
Urkulluk azaldu duenez, % 6,7ko hazkunde metatua aurreikusten dute aurten, eta % 5,7koa datorren urtean. Horrela, 2022an pandemian galdutako BPG guztia "behin betiko" berreskuratuko dutela aurreratu du lehendakariak.
Horretarako, gogoratu du euskal esportazioak % 24 hazi direla lehen seihilekoan; bigarren hiruhilekoko BPGa % 18 hazi dela 2020ko aldi berarekin alderatuta; zerga-bilketa % 15 areagotu dela lehen seihilekoan; eta kontsumitzaileen konfiantza "2019ko ekaineko mailan" kokatu dela.
"Euskal ekonomiaren eta enpleguaren bilakaera positiboa sendotzen ari da", esan du Urkulluk, eta gaur egun Euskadi pandemiaren aurreko egoera "berreskuratzeko aukera" aurreikusten ari direla gaineratu du.
Hala ere, kezkatuta agertu da pandemiaren ondorio negatiboak pairatu dituzten enpresek bizi duten egoera zaila dela-eta; besteak beste, merkataritza, kultura eta ostalaritza nabarmendu ditu, baita industriako zenbait sektore ere. "Gure nahia da hartu ditugun neurri berriak lagungarri izatea, orokorrean, eta arlo hauetan bereziki", adierazi du.
Ildo horretan, susperraldi ekonomiko hori lan-merkatuan eragina izaten ari dela esan du lehendakariak. Emandako datuen arabera, langabezia-tasa % 10,3koa izan da bigarren hiruhilekoan, "% 10eko helburutik oso gertu". Hala, "Industrian eta eraikuntzan galdutako ia enplegu guztia" berreskuratu dela azpimarratu du.
Gogora ekarri duenez, gaur egun oraindik 12.000 pertsona daude lan-erregulazioko espedientearekin Euskadin, baina nabarmendu du dagoeneko % 90 baino gehiago "normaltasunez" integratu direla beren enpresetan.
"Datu itxaropentsuak dira, baina argi dugu epe luzeko bilakaera bati hartu behar diogula aurre", esan du lehendakariak.
Ekonomiaren eraldaketa
Zentzu horretan, krisian galdutako enplegu guztia berreskuratzeaz gain, Euskadik bere ekonomia "transformatu" behar duela aurreratu du Urkulluk. Horretarako, hiru esparru nabarmendu ditu: teknologiko-digitala, energia-ingurumenekoa eta osasun-gizartekoa.
Erronka horri aurre egiteko, lehendakariak azaldu du Eusko Jaurlaritzak hainbat funts dituela, eta horien artean nabarmendu ditu Berpiztu Programa eta Europako Funtsetarako Euskadi Next Proiektuak.
"Erronka sakona da, eta, aurrekoetan bezala, lankidetza publiko-pribatuaren eta elkartasunaren ikuspegitik baino ezingo dugu gainditu, beti bezala inor atzean utzi gabe", gaineratu du.
Aukerak, gizarteratzearen euskal agentzia
Espetxeen kudeaketa Euskadik bere gain hartzeko egun gutxi falta direnean (urriaren 1ean gauzatuko da), Urkulluren lan-taldearen beste helburu nagusietako bat izango da transferitu gabe dauden transferentziak eskuratzea. Ildo horretan, Urkulluk Aukerak gizarteratzearen euskal agentziaren berri eman du.