Politika -

Presidenteen biltzarra

Lehendakariak tresna juridikoak eskatu dizkio Sanchezi, pandemiari aurre egiteko

Lehendakariaren esanetan, erkidegoek ez dute babes juridikorik koronabirusaren alorrean, eta, gaur egun, estaldura hori beharrezkoa dela azpimarratu du.

Iñigo Urkullu lehendakaria, Felipe VI. erregea eta Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua. EFE
Iñigo Urkullu lehendakaria, Felipe VI. erregea eta Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua. EFE
Urkulluk birusari aurre egiteko tresna gehiago eskatu dizkio Sanchezi

1:24

Eriz Lotina | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak jakitera eman duenez, Datorren astelehenean Europako funtsen banaketari buruz Espainiako Gobernuak deitutako konferentzia sektorialean parte hartuko du, eta funtsen banaketarako "funtsezko" metodo gisa proposatzen du hartzen diren erabakiak autonomia-erkidegoei aldez aurretik kontsultatzea.

Hala iragarri du Iñigo Urkullu lehendakariak, Salamancan, Presidenteen XXIV. Konferentziaren ostean, eta aitortu du foro horretan ez dela aztertu funtsak banatzeko sistema.

Europako funtsei dagokienez, bi ideia azpimarratu ditu. Alde batetik, irizpideei dagokienez, suspertze- eta erresilientzia-mekanismoko funtsek eredu sozioekonomikoaren eraldaketa lehenetsi behar dutela esan du. "Ez da irizpide egokia eraldaketaren aurretik jartzea pandemiaren aurreko BPGren mailak berreskuratzeko presa", ohartarazi du.

Bestetik, metodoari dagokionez, "funtsezkoa" iruditzen zaio erabakiak hartu aurretik erkidegoei kontsulta egitea, batez ere eskumen esklusiboko eremuetan.

Estaldura juridikoa

"Autonomia erkidegoek oztopoak aurkitu ditugu zenbait neurri hartzeko, hala nola gaueko mugikortasuna eta pertsona-taldeak mugatzeko edo itxiera perimetralak ezartzeko. Babes juridikoa eskatu dut hori egin ahal izateko. Egia esan, gaur egun ez dugu babes hori, baina beharrezkoa da oraindik ere", kritikatu du Iñigo Urkullu lehendakariak. EAEko buruzagiak presidenteen biltzarrean parte hartu du goizean, Salamancan (Gaztela eta Leon).

"Auzitegiek emandako auto eta epai desberdinak jasotzen jarraitzen dugu. Euskadin lege bat onartu dugu EAJ, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos-en botoekin. Bere aurkako errekurtsoek eragindako lege bat", gogorarazi du.

"Txertaketak erritmo onean egiten du aurrera, baina egoera ez da ona. Delta aldaera, ordea, faktoreetako bat da, ez bakarra", azpimarratu du. "Ziurrenik, goiz hartutako zenbait erabakik gizartean zabaldu dute borroka garaia baino lehenago irabazita zegoelako pertzepzioa", erantsi du.

Buruzagiaren hitzetan, "inork ez daki zein izango den birusaren hurrengo erasoaldia. Ez da hildakotzat hartu behar garaia baino lehen. Tresna guztiek eskuragarri egon behar dute".

"Inork ez daki zein izango den birusaren hurrengo erasoaldia. Ez da hildakotzat hartu behar garaia baino lehen"

Bestalde, foroa bera hizpide izan du lehendakariak. Presidenteen biltzarreko araudia betetzen ari ez dela uste du Urkulluk: "Hori ez da gertatzen ari, batez ere, aldez aurreko prestaketari edo osaerari dagokionez, eta, zehazki, prestaketa-batzordea biltzeari dagokionez". Gogorarazi duenez, bilera hauek prestatzeko batzordea 2019ko urtarrilaren 30ean elkartu zen azken aldiz.

Gainera, "foro hau ez dago jasota ez Konstituzioan, ez Gernikako Estatutuan", nabarmendu du. "Erabilgarritasuna eta zentzua hobetu nahi baditugu, beharrezkoa da erregelamenduan aurreikusitakoa betetzea", gaineratu du.

Agintariaren ahotan, "helburua da bilera hauek eztabaida partekaturako balio izatea, elkarrekintza eta, hala badagokio, adostasunak ahalbidetzeko, baina horrek ez du esan nahi erabakitzeko ahalmena duten erakundeak alde batera utzi behar direnik".

Pribilegioak

Urkulluk ukatu egin du Salamancako Presidenteen Konferentzian parte hartu izana Pedro Sanchezen Gobernuaren "errieten edo kontzesioen" truke, eta ukatu egin du Euskadik beste autonomia erkidegoekin alderatuta "pribilegioak" dituela.

Lehendakariak agerraldia egin du Salamancan, Presidenteen XXIV. Konferentziaren ostean, eta beste autonomia erkidego batzuetako zenbait ordezkarik egindako akusazioak errefusatu ditu, Euskadik "pribilegioak" dituela kritikatu baitute; izan ere, lehendakariak goi-bileran parte hartu du, Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoak joan den ostegunean zerga berriak adosteko akordioa lortu ostean.

Chivitek "oso positibotzat" jo du bilera

Maria Chivite Nafarroako presidenteak balorazio "oso positiboa" egin du ostiral honetan Salamancan egindako Presidenteen Konferentziaren inguruan, izan ere, herritarrek politikariei akordioak lortzeko eta borroka gutxiago egiteko eskatu diete.

Agintari autonomikoen eta Exekutiboaren hitzorduaren ostean emandako prentsaurrekoan, Chivitek esan du "elkarrizketarako, hausnarketarako eta erkidego bakoitzak Espainiako Gobernuarekin dituen arazoen berri emateko guneak izatea positiboa" dela.

Bestalde, Nafarroako presidenteak "poza" agertu du abuztuan Pziferrek 3,4 milioi txerto gehiago bidaliko dituela iragarri ostean, eta, bere lehen kalkuluen arabera, Nafarroako erkidegoari 45.000 txerto inguru egokituko zaizkiola esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Urkullu albisteak Kontzertu Ekonomikoa Eusko Jaurlaritza albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Espainiako Felipe VI.a Espainiako Gobernua albisteak Espainia Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Gernikako Estatutua