Politika -
Espetxe-politika
Lehenengo graduan dauden ETAko presoak 78tik 6ra jaitsi dira urte erdian
Behatokiak eta Foro Sozialak ohartarazi dute oraindik "kolokan" jarraitzen duela zigor pilaketaren gaiak, eta 50 pertsona baino gehiagori eragiten diela modu "larrian".
agentziak | eitb media
Espainiako eta Frantziako estatuetako espetxeetan lehenengo graduan dauden ETAko presoen kopurua 78tik 6ra jaitsi da urte erdian. 157, berriz, bigarren graduan daude, urte hasieran baino 57 gehiago, Behatokiak gaur jakitera eman duenez.
Aitzol Asla Behatokiko abokatuak eta Teresa Toda Foro Sozial Iraunkorreko ordezkariak espetxe politikari buruzko seihilekoko txostena aurkeztu dute gaur.
Horren arabera, ETAko sei preso daude soilik lehenengo graduan, "gogorrenean", eta horietako hiruri 100.2 artikulua aplikatzen diete, zigorra "arintzen" duena. Urtarrilean 78 ziren maila horretan zeudenak.
Abokatuak azaldu du "aldaketa txikiena" hirugarren graduan izan dela, urte hasieran baino 2 gehiago daudelako, eta horietako 8 espetxeratze arinduan.
Gaur egun, ikerketaren arabera, 210 dira EPPKrekin bat egiten duten presoak: 30 emakume eta 180 gizonezko. Horietatik, 57 Hego Euskal Herriko espetxeetan daude, 128 Espainiako Estatukoetan, eta 25 Frantziakoetan.
"Ondorioz, Pedro Sanchezek duela hiru urte iragarri zuen espetxe politikaren aldaketa aurrera eramaten ari dela ikusten dugu. Hala ere, nahiz eta azken hileotan prozesua bizkortu den, esperotakoa baino mantsoago gertatu da dena", adierazi du.