Politika -
Segurtasun Batzordea
Euskadik eta Espainiak indarkeria matxistaren biktimen datuak partekatuko dituzte
Genero indarkeriaren biktimen babesa indartzea eta Espainian haien mugikortasun segurua erraztea adostu dute Espainiako Barne Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak.
Naiara Ballesteros | EITB MEDIA
Bestalde, Segurtasun Batzordeak erabaki du lantalde bat eratzea hiru hilabeteko epean azter dezan Ertzaintza UNE/Europol-Siena, Sirene eta Interpoleko datu-baseetako informaziora eta espedienteetara sartzeko modua.
Euskal Autonomia Erkidegoko Segurtasun Batzordea. Argazkia: EFE.
Halaber, bi administrazioek hitzeman dute Koordinazio Batzorde Iraunkor eta Teknikoa suspertuko dutela eta lantalde bat eratuko dutela interes orokorreko portuetan koordinazioa antolatzeko.
Bileran, Terrorismoaren eta Krimen Antolatuaren aurkako Inteligentzia Zentro Nazionaleko (CITCO) Koordinazio Prozeduren Eskuliburua aldatzea ere erabaki dute, Segurtasun Batzordean bertan ezarritako akordioak errespetatuko dituen xedapen bat jaso dezan.
Lankidetza nazioartean, ziberkriminalitatean eta ingurumenean
Nazioarteko esparruan, Espainiako Gobernuak Europar Batasuneko Justizia eta Barne Arazoetarako Kontseiluan (JAI) aztertzen diren gaien berri emango dio Jaurlaritzari. Horrez gainera, Barne Ministerioak sustatuko du Ertzaintzak, EBko estatu kide bateko polizia gisa, mugaz gaindiko zaintza-lanak egiteko aukera izatea ikerketa judizialen esparruan, bai eta Europako esparruan garatzen diren lankidetza-proiektuetan parte hartzea ere.
Kriminalitatearen arloan, Segurtasun Batzordeak Ziberkriminalitatearen aurkako Plan Estrategikoan eta horren jarraipen-batzordean sartu du Ertzaintza.
Era berean, Segurtasun Batzordeak erabaki du Ertzaintzak eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak bere gain hartzea gizarte zibilaren tripulatu gabeko aireontzien (droneen) operazioen administrazio-kontrola eta aurretiazko jakinarazpenak jasotzearen arloko arau eta prozedurak.
Azkenik, Segurtasun Batzordeak adostu du Ertzaintzaren eskumenak indartzea ingurumenarekin zerikusia duten eta Euskadin gertatzen diren delituen eta ez-zilegi administratiboen ikerketan.