Politika -
Bozak Ipar Euskal Herrian
Eskumenen eztabaida bete-betean dagoenean egingo dira Departamendu hauteskundeak
Egitura sakon aldatzeko asmoa du Macronek, baita horien eskumenak ere. Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako 12 kantonamenduetako ipar euskal herritarrek 24 ordezkari hautatu behar dituzte.
Eriz Lotina | EiTB Media
Ekainaren 20an hauteskundeak izango dira Ipar Euskal Herrian. Hala ere, bozen lehen itzulia izango da soilik, bigarrena ekainaren 27an egingo baitute. Martxoan egitekoak ziren, baina covid-19ak eragindako osasun krisiaren ondorioz, behin baino gehiagotan atzeratu behar izan dituzte. Eskumenen eztabaida bete-betean dagoenean egingo dira departamendu hauteskundeak.
Ipar Euskal Herriko boto-emaileek 24 ordezkari hautatu beharko dituzte -bi kantonamendu bakoitzeko-, eta horiek izango dira Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusian, Pauen, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako 12 kantonamenduak ordezkatuko dituztenak.
Hautagaiak bikoteka aurkezten dira; gizonezko batek eta emakume batek osatzen dute bikotea, derrigorrez, parekidetasuna bermatzeko. Beraz, emaitza dena delakoa dela, 12 emakumek eta 12 gizonezkok ordezkatuko dituzte hiru lurraldeetako herritarrak Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusian.
Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusia
Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiari dagokio hainbat alorren kudeaketa, hala nola, gizarte zerbitzuak -adinekoen egoitzak-, langabeentzako laguntzak, bigarren mailako errepideak eta bigarren mailako hezkuntza.
Departamenduen egitura sakon aldatzeko asmoa du Emmanuel Macron Frantziako presidenteak, baita horien eskumenak ere. Ikusteko dago zer gertatuko den bigarren mailako errepide-sarea, garraio publikoa edota hezkuntza kudeatzeko eskumenekin, besteak beste.
Karguan zeuden gehienak berriz aurkeztuko dira. Hauek dira aurkeztuko diren hautagai nagusiak:
Hendaia
Hendaiako (Lapurdi) kantonamenduan Annie Poveda eta Iker Elizalde aurkeztuko dira EH Bairen izenean. PS Alderdi Sozialistaren izenean Chantal Kehrig-Cottençon eta Frederic Tranche Hendaiako auzapez-ordeak. Tranchek Kotte Ezenarro ordezkatuko du hautagaitzan.
Donibane Lohizune
Donibane Lohizuneko kantonamenduan EH Baiko Leire Larrasa eta Peio Etxeberri-Aintxarten aurrean, Emmanuel Alzuri Bidarteko (Lapurdi) auzapeza eta Patricia Arribas-Olano izango dira.
Biarritz
Biarritzen, Martine Vals (Maider Arosteguyren lekua hartuko du) eta Max Brisson joango dira eskuinaren izenean, eta Angelun (Lapurdi), Florence Mazeres eta Jerome Pires aurkeztuko ditu Alderdi Sozialistak (PS); Patrick Chasseriaud eta Nicole Darrasse eskuinak.
Valsen eta Brissonen hautagaitzak eskuineko errepublikarrak eta zentristak biltzen ditu. "Nire hautagaitza baliagarria izango dela uste dut", adierazi zuen Brissonek aurkezpenean. "Biarritzi ekarpen garrantzitsuak egin diezazkiodala uste dut, Departamentuko Exekutiboarekin dudan hurbiltasunagatik", gaineratu zuen.
2017ko irailera arte, senatari izendatu arte, Brisson Departamentuko Kontseiluaren presidenteordea izan zen, Finantza, Ondare eta Turismo arduraduna, hain zuzen ere.
Era berean, Ana Ezcurra eta Mathieu Castaings hautagai ekologistak (Europe Ecology Les Verts) izango dira Biarritzen. Biak ala biak Euskal Herrian Vert et Solidaire (EHVS) zerrendako kideak izan ziren azken udal hauteskundeetan.
"Trantsizio ekologikoan eta elkartasunean oinarritutako berritze proiektua" eraman nahi dute aurrera. Biarritz "departamentuko lurralde urdin eta berde berriztatzaileena" bihurtu nahi dute.
"Herritarren konfiantza" berreskuratzeko parte-hartzea eta gardentasuna areagotu behar direla iritzi dute. Ezcurraren ahotan, "bereziki, etxebizitza politika aldatu nahi dugu, osasun krisiak degradazioa eta exodoa areagotu dituelako".
Eskuinak markatutako testuinguru politikoan, udal hauteskundeetan erdietsitako emaitzetan "itxaropen olatua" ikusi nahi du Ezcurrak; izan ere, lehen itzulian bozen % 12 eskuratu zituzten, eta bigarrenean % 26. Hala ere, oraingoan lehen itzulitik EH Bairekin bat egin ez izana deitoratu du hautagaiak, nahiz eta negoziazioan saiatu.
Baiona
Baiona 1 kantonamenduan, Bernard Marti aurkeztu du PSk, Claude Olive Angeluko (Lapurdi) auzapeza eskuinak. Baiona 2-n, Christophe Martin eta Juliette Brocard PSrentzat, Baiona 3-n, Henri Etxeto.
Errobi-Aturrin Mathieu Elgoihen eta Martine Etxegoin izango dira EH Bairen hautagaiak. Aurrean Maider Behotegi Bardozeko (Lapurdi) auzapeza eta Marc Saint Esteven izanen dituzte. Uztaritze-Errobin Philippe Etxeberria eta Benedicte Luberriaga aurkeztuko dira.
Bidaxunerria, Amikuze eta Oztibarre
Bidaxunerria, Amikuze eta Oztibarre kantonamenduan (Nafarroa Beherea), Jean Jacques Lasserre (LR-LaRem-Modem) Departamenduko presidentea berriz aurkeztuko da. EH Baitik, Emilie Dubois eta Xabi Larralde izanen dira.
"Ni baino nekatuago jaikitzen diren gazte asko ezagutzen ditut", esan zuen 77 urteko Lasserrek hautagaitzaren aurkezpenean. "Gorputzaldi nahiko onean nago", azpimarratu zuen.
Anne-Marie Bruthé, Christelle Caset-Urruty (Larzabalgo alkatea) eta Eric Narbaïs Jaureguyrekin (Arbotiko auzapeza) batera osatzen duen laukotearen helburua "hasitako proiektua bukatzea da". Lasserre nekazari ohiaren azken agintaldia litzateke, 40 urte luze politikan eman ondoren.
Maulen (Zuberoa) Jean Pierre Mirande eta Annicq Trounday izanen dira eskuineko hautagaiak. EH Baitik, Anita Lopepe eta Frantxua Camus.
2015eko hauteskundeetan, EH Bai kantonamendu batzuetan garaipena lortzeko zorian izan zen. Oraingoan, guztira, 48 hautagai aurkeztuko ditu koalizio abertzaleak.
Hautagaiak Itsasun (Lapurdi) aurkeztu zituen koalizioak, iragan apirilean. EH Bairen hitzetan, "pandemiak katalizatzaile papera egin eta desoreka sozialak areagotu ditu. Trantsizio ekologikoaren beharra ezkutatu du, eta normaltasunak gehiago atzeratu dezake".
"Beraz, norgehiagoka eta borroka politiko garrantzitsuak ditugu aurretik", ohartarazi du. "Larrialdi sozial, klimatiko eta ekologikoari ausardiaz aurre egin behar diegu", erantsi du.
Bestalde, "abertzale gisa, Ipar Euskal Herria aitortzeko kanpaina egiten denbora asko daramagu. Euskal Hirigune Elkargoa 2017tik existitzen da, baina status bereziko kolektibitate bilakatzea eskatzen dugu", aldarrikatu dute. Zentzu horretan, "Departamentuaren etorkizun instituzionalak gutxi kezkatzen gaitu, Euskal Herriarentzako status berezi batek ordezkatu behar duelako", gogorarazi dutenez.
Franck Dolosor ETBko kazetariak bere blogean zehaztu duenez, "abstentzio handia dagoenean oso gutxik lortzen dute bigarren itzulira igarotzea".
Bestalde, kantonamendu bakoitza "mundu" ezberdina da, ohartarazi du. "Hautagai nagusiek ideia berak jarraitzen dituzte, oro har, baina batzuk eta besteen perfilek eta inplantazioak asko baldintzatzen dute behin betiko emaitza", azpimarratu du.
Enplegua, etxebizitza, hezkuntza eta mugikortasuna dira herritarren kezka nagusiak. "Etxebizitza duina lortzeko arazoa ez da berria", baina "tentsioa asko handitu da" pandemia garaian dena geldirik zegoelarik prezioek "etengabe" igotzen segitu dutelako, nabarmendu du.