Politika -

Alarma-egoeraren amaiera

Urkullu: 'Ulertezina da neurri berberen harira ebazpen judizial ezberdinak ematea'

Etxeratze-agindua eta itxiera perimetralak amaituko badira ere, nor bere borondatez gauean kalera ez ateratzeko eta lau pertsonatik gorako taldeetan ez egoteko deia egin du lehendakariak.

Iñigo Urkullu lehendakaria LABI batzordearen bileran. Artxiboko argazkia: EFE
Iñigo Urkullu lehendakaria LABI batzordearen bileran.
Hauek dira Euskadik izango dituen neurriak alarma-egoera baliorik gabe geratzen denean

3:50

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak esan du "ulertezina" dela autonomia erkidegoetan hartutako neurri berberen aurrean epaitegiek "erabat aurkakoak" diren ebazpenak eman izana.  

Eusko Jaurlaritzak etxeratze-agindua eta itxiera perimetralak indarrean mantendu nahi zituen, baita taldeko bileren mugatzea ere. Alabaina, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi du oinarrizko eskubideak ezin daitezkeela murriztu alarma-egoera indarrean ez badago, eta Eusko Jaurlaritzak irizpide hori kontuan hartu du igandetik aurrera indarrean izango diren neurriak zehazterakoan.

Dekretu horretan badago berritasun bat: ostalaritzaren eta saltokien itxiera-ordutegia 22:00ak arte luzatu dute. Urkulluren iritzian, alarma-egoera indarrean mantentzeko beharra defendatu izana eta orain tabernen eta denden ordutegia zabaltzea "ez da kontraesana".   

"Ez ditugu neurriak malgutu edo erlaxatu, testuinguru berrira egokitu gara", adierazi du epaitegien ebazpenari aipu eginez. Halaber, mugikortasuna eta taldean bildu daitezkeen pertsonen kopurua murriztu izana pandemiari aurre egiteko "neurri eraginkorrak" izan direla azpimarratu du.

Ildo horretan, berretsi egin du alarma-egoera luzatzea beharrezkoa dela eta Espainiako Gobernuarekin eta gainerako erkidegoekin "beste alternatiba batzuk" aztertu nahi zituela esan du, neurri komunak adosteko.

Urkulluk esan du "harro" dagoela Pedro Sanchezi alarma-egoera indarrean mantendu zezala eskatu zion agintari bakarra izan delako, hori baita orain arteko neurriak indarrean mantendu ahal izateko aukera bakarra.   

Edonola ere, nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak ez duela Espainiako Auzitegi Gorenean helegiterik aurkeztuko: "Ez dugu prozesu judizializatu nahi; gizarteari bermeak ematea da gure helburua".

Auto-konfinatzeko deia

Bestalde, ohartarazi du hurrengo hiru asteak "erabakigarriak" izango direla, kutsatzeen intzidentzia-tasa murrizteari eta txertaketa kanpaina azkartzeari dagokionez.

Horrela, bada, arduraz jokatzeko dei egin dio gizarteari, eta etxeratze-agindurik ez badago ere, nor bere borondatez gauean (23:00etatik 06:00etara) kalera ez ateratzeko eta lau pertsonatik gorako taldeetan ez egoteko deia egin du lehendakariak.

Apirilaren 26an goia jo ostean -546 kasu positibo 100.000 biztanleko-, azken egunetan kutsatzeen kopuruak beherako joera hartu duela, baina ospitaleetan egoerak larria izaten segitzen duela azaldu du.  

Gauzak horrela, txertaketa kanpaina azkartzea ezinbestekoa dela iritzi dio, eta iragarri du udarako 50 urtetik gorako pertsona guztiek gutxienez dosi bat jasota izango dutela espero duela.

"Azken txanpan gaude eta, horregatik, azken ahalegina egin behar dugu", erantsi du.

EH Bilduk Gotzone Sagardui errefusatzeko Legebiltzarrean egin duen eskaera dela eta, Urkulluk esan du Osasun sailburuak lehendakariaren eta gobernuaren "konfiantza oso" daukala.  

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Eguneko albisteak Albisteak Txertoak Koronabirusa Alarma egoera LABI