Politika -
KORONABIRUSA
Fiskaltza itxiera perimetrala eta etxeratze agindua mantentzearen aurka dago
EAEko Fiskaltzak esan du legez kanpokoa izango litzatekeela alarma egoeraren babesik gabe oinarrizko eskubideak murriztea. Alabaina, taldeak laura pertsonara mugatzea posible dela uste du.
N. B. | eitb media
Euskal Autonomia Erkidegoko Fiskaltza Nagusiak ohartarazi du legez kanpokoa izango litzatekeela maiatzaren 9an alarma egoera amaitu ostean itxiera perimetrala eta etxeratze agindua indarrean mantentzea.
Ez dago, ordea, taldeak gehienez lau pertsonatara mugatzearen aurka, uste baitu azken neurri horrek ez duela mugatzen biltzeko oinarrizko eskubidea. Hortaz, neurri hori ezartzeko baimen judizialik ez dela behar erantsi du.
Fiskaltza Nagusiak Eusko Jaurlaritzak onartu nahi duen dekretuaren zirriborroari buruzko txostena Administrazioarekiko Auzietako Salaren esku utzi du jada.
Eusko Jaurlaritzak covid-19aren pandemiaren hedapena eragozteko murrizketak jasotzen dituen dokumentuaren zirriborroa aurkeztu zuen asteartean EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan.
Fiskaltzak bere txostenean azaltzen duenez, Alarma, Salbuespen eta Setio egoerari buruzko Lege Organikoak ahalbidetzen du pertsonen zirkulazioa edo toki jakin batean biltzeko eskubidea mugatzea.
Halaber, murrizketa horiek salbuespen egoera indarrean dagoenean soilik aplikatu daitezkeela zehazten du.
Gauzak horrela, alarma-egoera indargabetu ostean, pertsonen oinarrizko eskubideak murrizten dituzten neurriak ezartzea legez kanpokoa izango litzatekeela ohartarazi du, horretarako osasun publikoaren legea baliatu arren.
Pertsonen arteko bilerak, berriz, mugatzea posible dela uste du, neurri horrek herritarren askatasuna edo manifestaziorako eskubidea urratzen ez duen bitartean behintzat. Hortaz, taldeak lau pertsonara mugatzeko Eusko Jaularitzak epaitegien baimenik behar ez duela iritzi dio.
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko iturrien arabera, Administrazioarekiko Auzien Salak bihar aztertuko du Fiskaltzaren txostena eta litekeena da ebazpena ostiralean ematea.
BIDEOA | Etxeratze aginduari eta itxiera perimetralari eutsi nahi die Jaurlaritzak
Jonan Fernández: "Larunbatean jakingo dugu zer egin daitekeen eta zer ez"
Bestalde, Jonan Fernandez LABI batzordearen koordinatzaileak berretsi egin du egungo murrizketaren mantentzearen aldekoak direla, eta ziurtatu du Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuaren eta epaitegiek ebazpenak errespetatuko dituela.
EH Bilduk eskatuta, Fernandezek agerraldia egin du Legebiltzarrean, LABI batzordeak nola lan egiten duen azaltzeko. Erabakiak irizpide politikoen arabera hartzen dituela aurpegiratu diote oposizioko taldeek.
Iñigo Urkullu lehendakariak sarritan adierazi duen moduan, Fernandezek esan du bera ere egungo murrizketak maiatzaren 9tik aurrera eustearen aldekoa dela, "eraginkorrak direla agerian geratu delako".
"Eusko Jaurlaritza bere eskura dagoen guztia egiten ari da gizarteak larunbat honetan jakin dezan zeintzuk izango diren igandetik aurrera indarrean egongo diren neurriak. Larunbatean jakingo dugu testuinguru juridiko berrian zer egiten daiteken eta zer ez", azpimarratu du.
Lehendakariak "bere eskura dagoen guztia egingo du osasun publikoa bermatzeko, baina dena ez dago bere esku", zehaztu du.
"Erabaki batzuk Espainiako Gobernuaren esku daude, eta beste batzuk epaitegien esku; eta gu esparru horretan mugitu behar gara", azaldu du.