Politika -

Maiatzaren 10etik aurrera

Alarma egoera amaituta, Gorenak izango du murrizketen inguruko azken hitza

Espainiako Gobernuak dekretua onartu du erkidegoetako gobernuei Gorenean errekurtsoa aurkezteko aukera emanez. Hala, tokiko auzitegiek neurriren bat bertan behera utziz gero, Gorenera jo ahalko dute.

Auzitegi Gorena. Artxiboko argakia: EFE
Auzitegi Gorenaren fatxada.
Carmen Calvok berretsi du alarma egoera ez da larunbatetik haratago luzatuko

1:7

E. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak errege dekretu bat onartu du gaur alarma egoera amaituta sor daitekeen ziurgabetasun juridikoari bide emateko. Hala, maiatzaren 10etik aurrera, erkidegoetako gobernuek Auzitegi Gorenera jo ahalko dute, tokiko auzitegiek pandemiaren aurkako murrizketaren bat bertan behera utziz gero. Horrenbestez, Gorenak edukiko du neurrien inguruko azken hitza.

Carmen Calvo Espainiako Gobernuko lehen presidenteordeak prentsaurrekoan azaldu duenez, dekretu horri esker, Gorenean kasazio errekurtsoa aurkeztu ahalko dute erkidegoetako gobernuek euren lurraldeetako epaitegiek (EAEren kasuan, Euskadiko Auzitegi Nagusiak eta Nafarroaren kasuan, Nafarroako Auzitegi Nagusiak) koronabirusari aurre egiteko neurriren bat baliogabetuz gero.

Izan ere, behin alarma egoera bukatuta, oinarrizko eskubideak mugatzen dituzten murrizketa guztiek (dela mugikortasuna, dela etxeratze agindua edo herritarren bilkuren mugak) auzitegien babesa beharko dute.

Calvoren hitzetan, Gorenera jotzeko aukera "lasaitasun eta aterki juridikoa da" maiatzaren 9az haragoko egoerarekin arduraduta zeuden erkidegoentzat.

Halaber, dekretu berarekin alarma egoeraren baitan hartutako beste neurri sozial batzuk hiru hilabetez luzatuko dituzte, hala nola, alokairuaren luzamendua eta talde zaurgarrienen etxegabetzeak bertan behera uztea. Neurriok hiru hilabetez, alegia, abuztuaren 9ra arte, egongo dira indarrean.

Jaurlaritza, "zuhur"

Calvoren agerraldia hasi baino minutu batzuk lehenago auziaz galdetu diote Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileari gobernu bileraren ondotik eskaini ohi duen prentsaurrekoan.

Aitortu duenez, Jaurlaritzak ez du onartutako "dokumentua ezagutzen, eta edukia ezagutu barik ezin du baloraziorik egin". Hori horrela, "zuhur" azaldu da maiatzaren 10etik aurrera Gorenera jotzeko duten aukeraz. 

Gogora ekarri behar da Eusko Jaurlaritza alarma egoeraren amaieraren ondotik, neurri prebentiboak egokitzeko dekretua prestatzen ari dela. Ostiralean da onartzekoa, eta Zupiriak nabarmen duenez, "mugikortasunarekin, gaueko ordutegiekin eta pertsonen bilkuren inguruko neurriak" jasotzea du helburu, betiere "Gernikako Estatutuak aitortutako eskuduntzen baitan". 

Galdetu dioten arren, Jaurlaritzaren bozeramaileak ez du lehendakariaren dekretu horren inguruko xehetasunik eman nahi izan. "Ostiralera arte itxaron beharko duzue edukia ezagutzeko", erantsi du.

"Egoera hau kudeatzeko garai zailak izango dira datozen hilabeteak, baina denon lankidetzarekin, pausoz pauso, ahalik eta hobeto egiten saiatuko gara", azpimarratu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Auzitegi Gorena Espainiako Gobernua Espainia Gaixotasunak Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Giza eskubideak Koronabirusa Alarma egoera