Politika -
DONOSTIAKO UDALA
Beste bizileku aukerarik izan gabe etxegabetzerik ez egitea adostu dute Donostian
2021eko aurrekontuen inguruko ituna erdietsi ondoren, udal gobernuak (EAJ eta PSE-EE) eta Elkarrekin Podemosek beste akordio bat lortu dute "etxebizitza duin bat izateko eskubidearen defentsan".
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Atzo Donostiako 2021eko aurrekontuen inguruko akordioa lortu ondotik, udal gobernua osatzen duten bi alderdiak, EAJk eta PSE-EE, eta Elkarrekin Podemos berriro ere ados jarri dira; kasu honetan, "etxebizitza duin bat izateko eskubidearen defentsan". Horren arabera, ez da etxegabetzerik egingo, beste bizileku aukerarik izan ezean. Udalak hitzarmen bat bultzatuko du horretarako Eusko Jaurlaritzarekin, "egoera zaurgarrian dauden pertsonentzako bizitoki irizpideak eta alternatibak" finkatzeko.
Eneko Goia Donostiako alkateak, Aitzole Araneta Elkarrekin Podemoseko zinegotziak eta Marisol Garmendia PSE-EEko zinegotziak sinatu dute gaur akordioa. Gobernu taldeak eta koalizio moreak konpromisoa hartu dute "hutsik dauden etxebizitzen, egoera txarrean daudenen edota gehiegizko okupazioa dutenen" aurka borrokatzeko.
Ildo horretan, "hutsik dauden etxebizitzen, egoera txarrean dauden etxebizitzen eta gainokupatutako etxebizitzen kanona aplikatzea ahalbidetzen duen araudia" aplikatuko du Donostiako Udalak EAEko etxebizitzari buruzko ekainaren 18ko 3/2015 legea garatzen denean.
Era berean, "betiere bere eskumenen barruan eta Eusko Jaurlaritzarekin adostuta", EAEko Etxebizitzaren Legeak jasotzen dituen mekanismoak aplikatuko dituela jasotzen da hitzarmenean. Horrela, egoera jakin batzuetan, hutsik dauden etxebizitzen nahitaezko alokairua ezarri ahalko da, baldin eta eskaera edo behar handiko eremuetan badaude". Halaber, Alokabide programa sustatuko da, hutsik dauden hiriko etxebizitzen alokairua sustatzeko.
Horrez gain, etxebizitza politiken inguruan informazio gehiago eta gardenagoa ematea eta parte-hartzea sustatzea hitzartu dute, eta Etxebizitzaren Udal Behatokia indartzea erabaki dute.
Bestalde, abusuzko alokairuak kontrolatzeko mekanismo bat abian jartzeko konpromisoa hartu dute, gainerako erakundeekin lankidetzan.