Politika -
Mozioa
ETAko preso ohien "omenaldi publikoak" bukatzea eskatu du Gasteizko Udalbatzak
EAJk eta PSE-EEk aurkeztu dute ekimena Udalbatzan, Fernando Buesa Fundazioa, Gogoan y Elkarbizik proposatuta. EH Bilduk ez du mozioa babestu, ekimen "partziala" dela iritzita.
EITB Media | Agentziak
Gasteizko Udalbatzan ordezkaritza duten indar politiko guztiek, EH Bilduk salbu, ETAko preso ohiei egiten zaizkien “omenaldi publikoekin” bukatzea eskatu dute ostiral honetan.
EAJk eta PSE-EEk aurkeztu dute ekimena Gasteizko Udalbatzan, Fernando Buesa Fundazioa, Gogoan y Elkarbiziren proposamen bateratua eurena eginez.
Harrerekin bukatzeaz gain, toki publikoak “elkarbizitzarako esparru izatea” bermatzeko eskatu du ekimenak, “ETAko kideak idealizatzen dituzten mezurik eta presoen ikonografiarik gabe”.
Azkenik, “memoria demokratikoa, bizikidetza eta indarkeriaren deslegitimazioa” sendotzeko horma-irudiak eta lekuak bultzatzeko udal foro bat sortzea eskatu du ekimenak.
Dagoeneko Donostiak ETAko preso ohiei egiten zaizkien “omenaldi publikoekin” bukatzea eskatu zuen. Bozeramaileen batzordeak adierazpen instituzionala onartu zuen iragan asteazkenean. EH Bilduk ez zuen ekimena babestu.
Maite Leanizbarrutia eta Eduardo Mateo Gogoan eta Fernando Buesa Fundazioko ordezkariek, hurrenez hurren, hitza hartu dute Gasteizko Udalbatzan, omenaldien amaiera aldarrikatzeko.
“Ekitaldiak moralki eta etikoki onartezinak dira. Senideek eta lagunek esparru pribatuan harrera egin diezaiekete. Baina publikoki eta begi-bistan egitea, terrorismoaren biktimentzat latza da”, deskribatu Mateok. Leanizbarrutiak azpimarratu duenez, indarkeriaren deslegitimazioa eta ekitaldi mota horiek bateraezinak dira.
“Ekitaldiak antolatu eta babesten dituztenek elkarbizitzari ekarpena egin nahi baldin badiote, egin beharreko aurreneko gauza horiekin bukatzea litzateke. Era berean, ETAren aldeko ikonografia eta legitimazio guztiarekin behingoz amaitu beharko lukete”, azpimarratu du Mateok. Zentzu horretan, EH Bilduren jarrera ulertzen ez duela esan du.
Torturen eta GALen aurrean irmotasuna eskatu eta ETAren biktimekin “neurgailu desberdina” erabiltzea leporatu dio koalizioari. “Ez da gizalegezkoa”, nabarmendu du, biktima guztien duintasuna irmotasun berdinarekin defendatzen dutela gogoraraziz.
Alberto Porras EH Bilduko zinegotziak azaldu duenez, ez dago biktimak umiliatzeko asmorik, eta EAJri eta PSE-EEri “ekimen partzialekin” konfrontazio politikoa bilatzea egotzi die.
Biktima guztienganako “erabateko errespetua” agertu du Porrasek, eta guztien atsekabea aitortzeko enpatia ariketa bat eskatu du. Aldi berean, zigorrek ez dute funtzionatzen, soilik tentsioa sortzen dute, ohartarazi duenez.