Politika -
Auzitegi Nazionala
61 urteko zigorra Marisol Iparragirreri, Bilbon eta Getxon izandako bi atentatugatik
1995eko urtarrilean, ETAk polizia bat hil eta beste bat larri zauritu zituen Bilbon. 1994ko irailean, berriz, lehergailu bat zartarazi zuen Getxoko banketxe batean, kalte materialak eraginez.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Espainiako Auzitegi Nazionalak 61 urteko kartzela-zigorra ezarri dio Marisol Iparragirre, 'Anboto', ETAko buruzagi izandakoari, Bilbon eta Getxon bi eraso egitea agindu izana leporatuta.
1995eko urtarrilaren 13an, Bilbon, nortasun agiria egiteko bulego baten ataria zaintzen ari zen polizia bat hil zuen ETAk, eta harekin zegoen beste agente bat larri zauritu zuen. Epaimahaiaren arabera, atentatu hori egiteko agindua eman zion Iparragirrek ETAren 'Itsasadar0 taldeari. Halaber, erasoa gauzatzeko armak ahalbidetu zizkiola aipatzen du ebazpenean.
Hala, 30 urteko espetxealdia ezarri dio polizia bat hiltzeagatik, eta 20 urteko zigorra hilketa saiakeragatik.
1994ko irailaren 14an, ETAk lehergailu bat zartarazi zuen Getxoko banketxe baten kanpoaldean eta kalte materialak eragin zituen. Atentatu hori ere Iparragirrek agindu zuela ebatzi du epaimahaiak eta 11 urteko kartzela-zigorra ezarri dio horregatik.