Politika -
2021eko aurrekontuak
EAEko aurrekontuak Jaurlaritzari itzultzea eskatu du PP+Csk
Osoko zuzenketaz gain, 813 zuzenketa partzial ere aurkeztu ditu taldeak. Kontuak "faltsuak" direla uste du, Europako funtsetatik jasoko dena kontuan hartzen ez dutelako.
E.G. | EITB MEDIA
PP+Cs talde parlamentarioak osoko zuzenketa aurkeztu die 2021erako EAEko aurrekontuei, eta horrenbestez, proiektua Eusko Jaurlaritzari itzultzea eskatu du. Osoko zuzenketaz gain, 813 zuzenketa partzial ere erregistratu ditu taldeak, "alternatiba" badagoela uste baitu.
Carmelo Barrio eta Luis Gordillo koalizioko legebiltzarkideek gaur aurkeztu dituzte zuzenketok, Eusko Legebiltzarrean. Horrenbestez, oposizioko talde guztiek osoko zuzenketak aurkeztu dituzte.
Barrioren esanetan, aurrekontuak "faltsuak" dira Europako funtsetatik jasoko dena kontuan hartu ez dutelako, eta "faltsututa" daude zerga bilketaren aurreikuspen "zaharkitu" batzuk dituztelako oinarri. Hala, eta "alternatiba" badagoela iritzita, osoko zuzenketa aurkeztu dute.
PP+Csren legebiltzarkideak azpimarratu du 2021eko kontuak "oso garrantzitsuak" direla krisi hirukoitz bati (osasun, gizarte eta krisi ekonomikoa) aurre egin behar zaiolako eta hori beharrean, "kontu kontinuista" batzuk aurkeztu dituela Jaurlaritzak.
Horrez gain, EAJren eta PSE-EEren gobernuak izandako jarrera kritikatu du Barriok. "Itunetatik, hurbilketatik eta negoziaziotik urrun" egon dira, "ez dira negoziatzen edo akordioak lortzen saiatu ere egin". Horren harira, salatu du zuzenketak aurkezteko epea amaitu baino "sei egun lehenago" deitu zuela bilera erronda Azpiazuk. "Argi zegoen ez zutela negoziatu nahi, ez zirela zintzoak izan nahi, eta ez zeudela prest hauek bezain aurrekontu garrantzitsu batzuen negoziaketa zuzentzeko".