Politika -
Aurrekontuak
EH Bilduren proposamena baztertuta, Jaurlaritzak Podemosekin negoziatzen segitzen du
Pandemia hasi zenetik hona ezer ikasi ez dutela aurpegiratu dio Maddalen Iriartek Eusko Jaurlaritzari. Elkarrekin Podemosek esan du negoziazioa zaila izaten ari dela.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
EH Bilduk pandemiak eragindako krisiari aurre egiteko neurri zehatzak biltzen dituen dokumentua igorri zion atzo Eusko Jaurlaritzari, 2021eko aurrekontuak adosteko asmoz. Besteak beste, osasun publikoan, hezkuntzan, enpleguan eta krisiak gehien kaltetutako sektoreetan 429 milioi euroko inbertsioa egitea proposatzen dute.
Alabaina, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak gaur goizean jakinarazi du ez dutela koalizio soberanistarekin elkarrizketarik abiatuko proposamen hori eztabaidatzeko eta, ondorioz, Eusko Jaurlaritzak baztertu egin du EH Bildurekin aurrekontuen harira balizko akordiorik egitea.
Erabakiaren berri izan ostean, Maddalen Iriartek gogor kritikatu du Eusko Jaurlaritza eta orain ere "errezeta zaharrekin" aritzea leporatu dio, sare sozialetan idatzitako mezu batean.
"11 hilabeteotan ezer ikasi ez dutenaren beste adibide bat. Erronka berriei errezeta zaharrekin erantzun nahian jarraitzen dute", deitoratu du.
Herritarren interesak babestu beharrean, Jaurlaritzak "oposizioari oposizio" egiten ari zaiola salatu du. "Horregatik daukagu herri hau daukagun bezala", erantsi du.
Proposamena errealista ez dela dio Azpiazuk
Bestalde, Pedro Azpiazuk esan du koalizio soberanistaren proposamena ez dela nahikoa "elkarrizketa bati seriotasunez" heltzeko.
Dokumentu horretan planteatzen diren neurriek "ez dute benetako negoziazio baterako aukerarik uzten eta ikuspuntu politiko eta ekonomikotik ez dira errealistak", adierazi du.
Areago, Eusko Jaurlaritzarentzat EH Bilduk landutako proposamena "onartezina" da eta "erabat politizatuta" dago.
Jaurlaritza berriro bildu da Elkarrekin Podemosekin
Bitartean, Eusko Jaurlaritzak eta Elkarrekin Podemosek aurrekontuak negoziatzen jarraitzen dute. Atzoko bileran koalizio moreak hainbat neurri proposatu ostean, gaur Iñigo Urkulluren Gobernuak 94 milioi euro inguruko zuzenketak onartzeko prest egongo litzatekeela erantzun dio, proposamen politikoak albo batean utzita.
"Oraingoz, ez dizkigute gauzak erraz jarri, baina asteburua dugu aurretik", adierazi du Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemosen bozeramaileak Pedro Azpiazu sailburuarekin bildu ostean.
Atzoko bileran, 392,9 milioi euroko inbertsioak egitea proposatu zuen koalizioak, zor publikoa % 2,7ra igota, eta gaurko batzarrean erantzuna helarazi dio Jaurlaritzaren ordezkaritzak.
"Jaurlaritzen dokumentuan ez dago ezer funtsezkorik ikuspuntu politikotik. Ez dute konpromisorik hartu nahi erreforma fiskalaren, alokairuaren prezioaren edo gasaren ustiaketaren inguruan. Kontu horiek baztertu egin dituzte", azaldu du Gorrotxatik.
Defizit muga eta zorpetzea handitzeko aukera ere eztabaidatik kanpo utzi dute EAJk eta PSE-EEk. "Gure ikuspuntutik hori guztia funtsezkoa da pandemiak eragindako gastuari aurre egiteko. Ez da espero genuen erantzuna. Politikoki eduki gehiagoko dokumentua espero genuen", azpimarratu du.