Politika -
Aurrekontuak
Eusko Jaurlaritzak dio soilik Elkarrekin Podemosek duela negoziatzeko borondatea
Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak esan du elkarrizketa irekita dagoela eta akordioa posible dela. Ostegun honetan bilduko dira berriro Pedro Azpiazu sailburuarekin.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzak amaitutzat eman du 2021erako Aurrekontuaren harira oposizioko taldeekin abiatu zuen lehen bilera-sorta eta azpimarratu du soilik Elkarrekin Podemosengan antzeman duela negoziatzeko borondatea.
Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburua goizean bildu da Elkarrekin Podemoseko ordezkariekin –Miren Gorrotxategi, Jon Hernandez eta David Soto- eta koalizio moreak "marra gorririk gabeko" proposamena aurkeztu duela nabarmendu du.
"Aurrekontua benetan negoziatzeko borondatea duen talde bakarra da", adierazi dute Eusko Jaurlaritzako iturriek bilera amaitu ostean.
Elkarrekin Podemosek 392,9 milioi euroko zuzenketak aurkeztu ditu. Miren Gorrotxategik esan du negoziazioa "irekita" dagoela eta "ahal den guztia" egin behar dela akordio politiko bat lortzeko eta Aurrekontua "ahalik eta babes handienarekin onartu dadin". Pandemia garai honetan herritarren nahia hori dela ziurtatu du.
Bilera "adeitsua" izan dela adierazi du, baina, lehenago egin ez izana deitoratu du, "negoziatzeko eta akordio batera heltzeko denbora oso gutxi dugulako orain".
Edonola ere, arduraz jokatzea erabaki dutela eta, ondorioz, bilerara proposamen zehatz bat eraman dutela esan du, "eredu ekonomikoa eta soziala aldatzeko eta herritarren bizi-baldintzak nabarmen hobetzeko asmoz".
Ostegun honetan berriro bilduko dira (16:00) Pedro Azpiazu sailburuarekin, elkarrizketarekin jarraitu eta balizko akordioak aztertze aldera.