Politika -
Eskumenak
Olatz Garamendi: "Jaurlaritzak espetxe-legea betearaziko du, gizarteratzea barne"
Sailburuaren esanetan, "espetxeak eta presoen bizitza antolatu ahal izango ditugu, eta gure tratamendu- edo laneratze-politikak eduki, birgizarteratzea errazteko".
EITB MEDIA
Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak Radio Euskadiko 'Boulevard Informativo' saioan esan duenez, ez da Eusko Jaurlaritzak nahi duen bezain "azkar" aurrera egiten Estatutuen transferentzien lehen blokearen negoziazioetan; izan ere, Gobernu zentralarekin hitzartutako egutegiaren arabera, martxoan gauzatu beharko lirateke; eta "martxoa izkinaren bueltan dago, baina hitzartutako egutegia da egun dugun agertokia".
Sailburuak espetxeen transferentziari buruzko xehetasunen harira azaldu duenez, "espetxeak eta presoen bizitza antolatu ahal izango ditugu, eta gure tratamendu- edo laneratze-politikak eduki, birgizarteratzea errazteko". "Espetxe legedia betearaziko dugu", gaineratu du.
"Autogobernua pertsonen ongizatearen aldeko urratsa da", azaldu du Garamendik, "eskumen bat gauzatzea da helburua". Presoak azkarrago gizarteratzeari buruz galdetuta, "Legedia Estatuaren esku jarraitzen duela eta guk exekutatu egingo dugula" esan du. Hala ere, eskumena Justizia, Berdintasun eta Gizarte Ekintza Sailean sartuko dela", aurreratu du Garamendik.
Gutxieneko diru-sarrerari dagokionez, Garamendiren hitzetan, horren transferentziak "denbora asko darama eta teknikoki oso konplexua da". "Ezarritako datetatik haratago, eskualdatzea ezartzen duen errege-dekretu bat dago, denborak kontuan hartu gabe".
Egutegiaren betetzea mahai gainean egotea espero du sailburuak: "Ulertzen dut lehendakariak Espainiako Gobernuko presidentearekin hitz egin dezakeen agendaren barruan, besteak beste, pandemiaz eta funtsez hitz egingo dela, baina baita transferentziez ere, jakina".
Garamendik adierazi duenez, "denboran gehiago edo gutxiago luzatu daiteke, baina ez da kasu bakar batean ere geldiaraziko". Bere ustez, Carolina Darias Osasun Ministeriora igarotzeak "ez luke eraginik izan behar".
Bestalde, "bitarteko langileen tasa handiak daudela" esan du Garamendik: "1.500 pertsona sar litezke txanda berezituan". "Bitartekotasun tasak jaistea helburu bat da", gaineratu du.