Politika -
Koronabirusa
Pandemiaren kudeaketa izan dute berriro eztabaidagai Legebiltzarrean
EH Bilduk eta PPk pandemiaren bilakaerari eta horren ondorioei buruz egindako galderak erantzun ditu Urkulluk. Elkarrekin Podemosek, bestalde, ia ezinezkotzat jo du aurrekontu ituna izenpetzea.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Iñigo Urkullu lehendakariak 2021eko aurrekontuekin lotuta esan du covid-19aren pandemia dela eta abiatutako planari eutsiko diotela, osasunari, hezkuntzari, gizarte zerbitzuei eta pandemiak gogorren jo dituen sektoreei baliabide gehiago eskaintzeko.
Legebiltzarrean egindako kontrolerako saioan, Maddalen Iriartek (EH Bildu) eta Carlos Iturgaizek (PP+Cs) pandemiaren bilakaerari eta horren ondorioei buruz egindako galderak erantzun ditu Urkulluk, eta Jaurlaritzaren kudeaketagatik jasotako kritikak entzun ostean, ekarpenik egiten ez duten eztabaidak alde batera uzteko eskatu die biei.
2021eko aurrekontuak ere izan ditu hizpide, eta ziurtatu du "aukera bikaina" direla lehentasunak ordenatzeko eta "beharrezko diren tokietan" baliabideak ezartzeko. "Egonkortasun fiskala eta krisiari aurre egiteko laguntzak bermatuko ditugu", esan du.
Halaber, aurreratu du eraldaketa ekonomikoa eta soziala izango dute helburu aurrekontuek, "gaur egungo egoera gainditu ahal izateko".
Pandemiaren bilakaeraren inguruan onartu du egoera oraindik ere "larria" dela. Horregatik, indarrean dauden neurriak betetzeko eta arduraz jokatzeko deia egin du.
EH Bilduren adierazpenei erantzunez, ukatu egin du covid-19aren gainean hartutako erabakietan gardentasun eza egon denik, eta gogora ekarri du erakunde guztien artean hartu dituztela erabakiak. Horrez gain, azpimarratu du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak astero ematen duela pandemiaren azken datuen berri.
Maddalen Iriartek, baina, erabakiak hartzeko orduan oposizioa "gutxiestea" aurpegiratu dio lehendakariari. "Tamalgarria da neurrien berri komunikabideen bidez jasotzea", adierazi d.
Bestalde, Carlos Iturgaiz bozeramaileak kritikatu du inork ez dituela bere gain hartzen Jaurlaritzaren "akatsak", ospitaleratzeei buruz izandako "zenbaki dantza" mintzagai duela.
Elkarrekin Podemosek ia ezinezkotzat jo du aurrekontu ituna lortzea
Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IU koalizioaren bozeramaileak ziurtatu du "oso zaila" izango dela Iñigo Urkullu lehendakariak proposatutako aurrekontu ituna izenpetzea, hainbat kontu bete ez dituztela eta beste zenbait ezkutatu dituztela iritzita.
Gorrotxategik azaldu du ez duela argi 2020ko aurrekontuak aurrera ateratzeko Jaurlaritzarekin izenpetutako akordioa bete den edo ez. Hala eta guztiz ere, onartu du Ekonomia eta Ogasun Saila duela bi egun, idatziz, zalantza horiek argitzen saiatu zela.
"Erantzunak berandu iritsi dira. Jasangaitza da gobernuaren informazio falta. Denborak kudeatzen dituzte, akordioak txeke zuriekin nahasten dituzte eta ez dute batere argi babesaren eta mendekotasunaren arteko ezberdintasuna zein den", salatu du Gorrotxategik. Horregatik guztiagatik, "oso zaila" ikusten du berriro ere aurrekontuak babestea eta akordioetara iristea.