Politika -

Autogobernua

Galdeketak egin ahal izateko "bide legalak" jartzearen alde agertu da Urkullu

Era berean, azpimarratu du Estatutuaren erreforma "kontsentsu anitz" baten bidez burutu behar dela, "zatiketa sozial, instituzional eta politiko oro saihestuta".

Urkullu, kontrolerako saioaren galdera bati erantzunez. Argazkia: EFE
Iñigo Urkullu Eusko Legebiltzarrean.
Urkullu, kontrolerako saioaren galdera bati erantzunez. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak uste du Euskadiko autogobernuaren erreforma "kontsentsu anitz" baten bidez burutu behar dela, "zatiketa sozial, instituzional eta politiko oro saihestuta". Halaber, azpimarratu du "herritarrei beren etorkizunari buruz galdetu nahi dieten erkidego politikoei bide legalak" ahalbideratu behar zaizkiela hala egin ahal dezaten.

Adierazpenok Eusko Legebiltzarrean egin ditu lehendakariak, kontrolerako saioan Amaia Martinez Vox alderdiko legebiltzarkideak egindako galdera bati erantzunez. Martinezek Veneziako Batzordeak hartu berri duen neurriaren inguruan itaundu du. Horren arabera, erreferendum guztiek herrialde bakoitzeko konstituzioaren bermea izan behar dute. Voxeko kideak argibideak eskatu dizkio Urkulluri: "Argitu dezala konstituzioaren kontrako proposamenei babesa ematen dieten erreferendumak babestuko ote dituen".

Urkulluren arabera, beharrezkoa da "Estatuaren esklusibotasunaz harago, eredu konfederal eta federalaren elementu positiboak" biltzeko ahalmena izango duen lurralde eredu baten aldeko bidea egitea. Lehendakariak uste du bide hori "aukera eraikitzailea" izan daitekeela estatu ereduaren erreforma egiteko orduan, "nazioen aniztasunaren aitortza" eginez.

Horren ildoan, honako ideiaren alde egin du: "Autogobernuko erakunde parlamentarioen erabaki baten bidez, herritarrei beren etorkizunari buruz galdetu nahi dieten erkidego politikoek bide legalak jarri behar dituztela defendatzen dut. Hori da nire asmoa, nire desioa, eta uste dut denona behar duela izan". 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Eguneko albisteak Albisteak EAEko Autonomia Estatutua