Politika -
PSE-PODEMOS AKORDIOA IRUNEN
Irungo akordioa "salbuespena" dela esan du PSEk eta "anekdota", berriz, EAJk
PSE-Elkarrekin Podemos akordioaren ostean, baina, "beste modu bateko politikak abian jartzeko eskenatokia izan daitekeela udal politika" uste du EH Bilduk.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gloria Sanchez PSEko legebiltzarkideak esan du Elkarrekin Podemosekin Irungo Udalean lortutako akordioak ez dituela EAJrekin lortutako orain arteko itunak hausten, "salbuespena" delako. Zentzu berean, EAJk esan du "anekdota" izan dela.
Radio Euskadiko Parlamento en las Ondas saioan egindako adierazpenetan, PSEk eta Elkarrekin Podemos-IUk Irunen koalizioan gobernatzeko lortutako akordioari buruz hitz egin dute legebiltzarkideek.
Bakarrik agintzen zuen alderdi sozialistak Irunen, otsailean EAJrekin zuen akordioa hautsi zutenetik.
Horren harira, Luis Javier Telleria EAJko legebiltzarkidearen ustez, udal baten "anekdota" ez da "Euskal Autonomia Erkidegoarentzat garrantzitsu" bihurtu behar, eta EAJk eta PSEk dituzten akordioak ez dituela "zapuztuko" defendatu du.
"EAJren eta PSEren arteko itun orokorra hausten ez duen akordioa da. Ezin da bere berezitasunak dituen udal batean gertatzen denaren anekdota hartu eta orokor bihurtu, ezta zerbaiti buruz ohartarazteko erabili ere ", berretsi du.
EH Bildutik, Iker Casanova legebiltzarkideak esan du PSEren eta EAJren arteko desadostasunen "foku" izan dela Irun azken urteetan, eta herri hori "beste leku batzuetan funtzionatzen duela dirudien akordio baten parentesia" dela. "EAJk herri honetako erakunde gehienak gobernatzen ditu, baina gutxi batzuetan dauka gehiengo osoa. Orain arte ikusi gabeko aliantza bat ireki da hemen ", adierazi du, eta EH Bilduk Podemosekin hainbat udaletan agintzen duela gogorarazi du, Errenterian, esate baterako. Hori dela eta, udal politika "beste gobernu eta politika mota batzuk ekarriko dituzten beste aliantza mota batzuk martxan jartzeko eszenatokia" izan daitekeela defendatu du.
Bestalde, Gloria Sanchez PSEko ordezkariak esan du Irungo kasua "partikularra" dela, eta udal gobernuak bere "konplikazioak" izan dituela berretsi du. "EAJren eta PSEren arteko ituna hausten ez duen akordioa da. Salbuespen bat da, eta gehiengo absolutua ematen duen eta egonkortasuna emango duen ituna dela ikusi behar da", azpimarratu du.
Jon Hernandez Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak adierazi duenez, bere alderdiak eduki zehatzetan oinarrituta garatzen ditu aliantza politikak eta "gobernu ezkertiarrak eratzera irekita" daude. "PSErekin gobernatuko dugu edukiei buruzko akordio batean oinarritu garelako, hiri garrantzitsu batean, biztanleriaren kopuruagatik eta soziologikoki ezkerraren espazioan kokatzen delako", azpimarratu du. "Aukera ona izan daiteke aliantza alternatiboak egiteko bidean", gaineratu du.
Bere ustez, akordioa errazteko aldatu dena da PSEk "ezkerrerantz" egin duela, EAJrekin aliantza amaitu ostean eta aldaketa horri esker beste akordio batzuk ere izan direla gogoratu du: "Ez gurekin bakarrik, baita EH Bildurekin ere; Irunen unean uneko akordioak lortu baitira".
Carmelo Barrio PP+Cs alderdiak Eusko Legebiltzarrean duen bozeramailea ez du harritu akordioak: "Alderdi Sozialista eta Podemos Espainiako Gobernuko kideak dira. Espero dezagun Irunen Espainian baino gehiago asmatzea. Elementu ezberdinen konbinazioak dirudite, batzuetan binaka eta beste batzuetan launaka. Alderdi Sozialista, EAJ, EH Bildu eta Podemos modu batera edo bestera bazkideak dira ", adierazi du.
Azkenik, Jose Antonio Santano alkateak "konfort politikoa eta aurrekontuena" bilatu duela eta "Podemosek horixe eman" diola esan du. "EAJ beti haserretzen delako haserretu da", gaineratu du.