Politika -
Irungo Udala
PSEk eta Podemosek koalizio-gobernua osatuko dute Irunen
Jose Antonio Santano alkate sozialistak eta Podemoseko hautetsiek agerraldia egingo dute larunbat honetan itunaren xehetasunak azaltzeko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Euskadiko Alderdi Sozialistak eta Podemosek koalizio-gobernua osatuko dute Irungo Udalean. Lehen aldia da bi alderdi horiek Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri batean elkarrekin gobernatzen dutela.
Jose Antonio Santano alkate sozialistak eta Podemoseko hautetsiek agerraldia egingo dute larunbat eguerdian itunaren xehetasunak azaltzeko.
Gauzak horrela, Irungo Udal Gobernuak gehiengo absolutua izango du aurrerantzean. PSEk 10 zinegotzi ditu eta Podemos-IU-Equo Berdeak koalizioak 4.
EAJk eta PSE-EEk akordioa egin zuten EAEko erakundeetan batera gobernatzeko, baina itun hori ez zen aplikatu Irungo udaletxean, aurreko legegintzaldian bi alderdietako kideen artean hainbat desadostasun izan zirelako. Santano alkatearen eta Xabier Iridoy bozeramaile jeltzalearen arteko harreman txarrak koalizio-gobernuak haustea ekarri zuen.
2019ko udal-hauteskundeak egin zirenetik Alderdi Sozialistak gutxiengoan gobernatu du eta 2020ko aurrekontuak EH Bilduren eta Podemosen babesarekin onartu zituen.