Politika -
NAFARROAKO GOBERNUA
Barkos: "Neurri murriztaile gehiago etorriko dira aste honetan"
Radio Euskadin egindako elkarrizketan, Nafarroako lehendakaria izandakoak esan du COVID-19aren datuak "oso txarrak" direla Foru Erkidegoen, eta neurri zorrotzagoak iragarri ditu datorren asterako.
RADIO EUSKADI
COVID-19aren kutsatzeak geldiarazteko, Nafarroan datorren astean "neurri murriztaile gehiago" ezarriko dituztela ziur agertu da Uxue Barkos Foru Erkidegoko lehendakari izandakoa eta Geroa Baiko burua.
Muturreko egoeran dago Foru Erkidegoa, positibo kopurua oso altua da eta positibitate-tasa %12 eta ia %18aren artean ibili da aste osoan. Foru Gobernuak hainbat murrizketa ezarri ditu eta zenbait herri konfinatu ere bai - Erriberan guztiak - eta ez dute baztertzen hurrengo egunetan neurri gogorragoak hartzea.
Maria Chiviteren Gobernua egiten ari den kudeaketa defendatu du Barkosek, eta hartutako erabakiak zentzuzkoak direla esan du.
2021eko aurrekontuen inguruan galdetuta, aurrera aterako diren itxaropena agertu du, EH Bilduren babesarekin. Navarra Sumak ere aurrekontuen negoziazioan parte hartuko duela uste du. "Parez pare dugun aldaketa sozial eta ekonomikoari aurre egiteko, aurrekontuak beharrezkoak dira", esan du.