Politika -

Gernikako Estatutua

Espainiako Gobernuak martxora arte atzeratu du eskuduntzei buruzko negoziazioa

Eusko Jaurlaritzak ontzat eman du Pedro Sanchezek negoziaziorako egin duen egutegi berria.  

Carolina Darias ministroa eta Josu Erkoreka sailburua. Artxiboko argazkia: EFE
Carolina Darias ministroa eta Josu Erkoreka sailburua.
Espetxeen kudeaketa hurrengo martxoan eskualdatuko da

1:26

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

40 urte eta gero eskualdatu gabe dauden eskumenak negoziatzeko egutegi berria egin du Espainiako Gobernuak, eta elkarrizketak martxora arte atzeratzea proposatu dio Eusko Jaurlaritzari, EiTBk jakin duenez. Carolina Darias Espainiako Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko ministroak helarazitako proposamena ontzat eman du Eusko Jaurlaritzak. Hala, martxoan abiatuko dituzte lehen blokeari buruzko negoziazioak (besteak beste, espetxeetako eskumena dago zerrenda horretan).

Espainiako Gobernuak egutegia aldatu du, baina transferentzien hiru blokeak bere horretan utzi ditu, bi gobernuek aurretik adostu zuten bezala.

Lehenengoak 11 eskumen ditu, besteak beste, espetxeen kudeaketa, eta 2021eko martxorako transferituta egongo litzateke, hau da, aurreikusitakoa baino hiru hilabete geroago. Dena dela, espetxe politikak Espainiako Gobernuaren esku jarraituko du.

Lehen bloke horretan, aseguruak, segurtasun-zerbitzu pribatuak, meteorologia, nekazaritza-aseguruak, errepideko garraioa, zinematografia babesteko funtsa, arrantza-produktuen eta itsas laboreen merkatua, turismo-paradoreak, ISBN eta ISSN (argitalpenen benetakotasun-erregistroak) eta itsasertzaren antolamendua eta kudeaketa ere sartzen dira.

Bigarren blokea, hasiera batean 2021eko ekainean amaitzen zena, datorren urteko urrira atzeratzen da eta bertan interes orokorreko aireportu eta portuen kudeaketa agertzen da, alegia, Pasaiakoa zein Bilbokoa.

Gainera, bloke honetan honako gai hauek sartzen dira: kreditu ofiziala, kreditua eta banka, balore-merkatua, ikerketa-zentroak, hidrokarburoak, itsas salbamendua, Estatuko sektore publikoa, erakunde-administrazioa eta berrikuntza teknologikoa, trenbide-garraioa aldiriko eta lehengo FEVEko lineetan, immigrazioa, eta unibertsitate-irakaskuntzetako atzerriko tituluak eta ikasketak.

Gai horiez gain, bigarren blokean ibilgailuak zirkulatzeko eta matrikulatzeko baimenak, udal-hauteskundeen araubidea, arrantza-ikuskaritza eta herri-lanen azterketa- eta esperimentazio-zentroa jasotzen dira, guztiak ere 2021eko urrira arte transferitu beharrekoak.

Hirugarren blokeari dagokionez, Gizarte Segurantzaren kudeaketa ekonomikoarekin lotutako gaiak aztertzen hasiko dira. Kasu horretan, lanak 2021eko azaroan hasi eta 2022ko maiatzean amaituko dira. Horrez gain, Bizitzako Gutxieneko Diru-sarreraren kudeaketa izan behar da kontuan, datorren urriaren 31rako Eusko Jaurlarizaren esku egon behar dena.

Testuinguru horretan, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu eta lehen lehendakariordea "pozik" agertu da, "hitzemandako konpromisoak betetzeko bidean" direlako. Hala, legegintzaldi honetan, transferitzeke dauden eskumenak eskualdatzeko prozesua "behin betiko" amaitzeko bidean aurrera egingo dela nabarmendu du.

Hortik aurrera, Eusko Jaurlaritzak "autogobernuaren alorrean aukera berriak" proposatu ditzakeela esan du Erkorekak, hasierako egutegiarekiko atzerapenek pandemiarekin eta hauteskundeekin zerikusia izan dutela ziurtatuz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Eguneko albisteak Albisteak EAEko Autonomia Estatutua