Politika -

Osakidetza

Sagardui: "Euskadiko osasun sisteman ez da murrizketarik egon eta ez da egongo"

Osasun sailburuak eskua luzatu die langileen ordezkariei, elkarrizketaren aldeko apustua egiten duelako "aurrera egiteko" bide gisa.

Gotzone Sagardui gaur Legebiltzarrean. Argazkia: eitb.eus
Gotzone Sagardui
Elkarrizketaren bideari eutsi eta borondate horrekin joango direla esan du Sagarduik

0:30

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak ostiral honetan esan duenez, "Euskadiko osasun sisteman ez da murrizketarik egon eta ez da egongo", eta, horren ustez, "ezin da ez kontratazioez edo murrizketez hitz egin", "une honetan Osakidetzan milaka pertsona kontratatzen direnean, ohiko langileen gainetik".

Legealdiko lehen kontrol saioan, Eusko Legebiltzarrean, Jon Hernandez Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkideak Osasun sailburuari Arreta Etengabeko Puntuen egoeraren inguruan galdetu dio, eta horietako zenbait itxi dituztelako kezkaturik agertu da, "jende askok ospitaleetako larrialdietara" jo behar izan duelako.

Sailburuaren hitzetan, Arreta Etengabeko Puntuen egoera testuinguruaren ondorio da. Zerbitzu publiko baten kudeaketan, baliabideak uneko eskaerara "egokitu" behar direla adierazi du Sagarduik.

Horren harian, osasun profesionalei oporrak udan hartzea eskatu zietela gogorarazi du sailburuak, datozen hilabeteetan COVID-19ak gogor astintzea espero dutelako, eta urriaren 12a baino lehen langile guztiak bueltatuko dira gaineratu du.

"Irtenbidea ez da beti gehiago izaten, kudeaketa arduratsu eta etikoa baizik"

Edozein sistema publikoren baliabideak "mugatuak" direla, eta, beraz, "modu eraginkorrean" kudeatu behar direla adierazi du. Hori da Eusko Jaurlaritzaren helburua, erantsi duenez. "Irtenbidea ez da beti gehiago izaten, kudeaketa arduratsu eta etikoa baizik", nabarmendu du.

Gainera, sailburuak eskua luzatu die beharginen ordezkariei, "aurrera egiteko bidea elkarrizketa delako, eta ez konfrontazio sistematikoa". "Elkarrizketaren bideari eutsi nahi diogu, eta borondate horrekin joango gara sindikatuekin adostutako bileretara", azpimarratu du.

Arreta Etengabeko Puntuen eginbehar nagusia osasun zentroak itxita daudenean zerbitzua ematea dela gogorarazi du agintariak. "Osasun zerbitzu guztien funtzionamendua berrantolatzera behartu du pandemiak, baita Arreta Etengabea ere, Euskadin eta munduko herrialde guztietan", onartu du.

Hala ere, "zerbitzuari kalterik egin gabe", aldaketak egin dituztela defendatu du Sagarduik. Euskadin orain 25 arreta puntu baino gehiago daudela zehaztu du, "langile gehiago" dituztela. "Larrialdi zerbitzuek ez dute pertsona gehiago artatu behar izan, horrek nahikoa erakusten du", azpimarratu du.

Horregatik, Arreta Etengabearen egoera "ona" da, eta "Euskadi erantzuna emateko gaitasuna izaten ari da", horren hitzetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Osakidetza Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Eguneko albisteak Albisteak Koronabirusa