Politika -
Jaurlaritza berria
Erkorekak zuzenduko du Transferentzien Batzorde Mistoa
EAEko Aldizkari Ofizialak lehen lehendakariorde eta Segurtasun sailburuaren eskumenak zehazten dituen dekretua kaleratu du gaur.
Agentziak | erredakzioa
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Segurtasun sailburu berriak zuzenduko du Transferentzien Batzorde Mistoa, EAEko Aldizkari Ofizialak astearte honetan argitaratutako dekretuak jasotzen duenez.
Aurreko legealdian ere Erkoreka zen bete gabeko eskuduntzak Espainiako Gobernuarekin negoziatzeko Jaurlaritzako ordezkaritzaren buru, Autogobernu eta Gobernantza Publikoaren sailburu zen aldetik. Aurrerantzean, Olatz Garamendik izango du sail horren ardura, baina Iñigo Urkullu lehendakariak Erkoreka utzi du zereginotan.
Lehen lehendakariordeak Jaurlaritzaren eta Foru Aldundien Batzorde Mistoa ere zuzenduko du.
Horrez gain, lehendakariak Erkorekaren esku utz ditzake hainbat eskumen, hala nola Jaurlaritzaren programa legegilea koordinatzea, Gobernu Bilerak deitzea, gai-ordena ezartzea, bilerok zuzentzea eta Jaurlaritzaren batzordeak gidatzea.
Halaber, Eusko Legebiltzarrari Jaurlaritzatik jasotako informazio eta laguntza helaraziko dizkio eta sailen artean sor litezkeen eskumen gatazkak konpontzeko ardura izango du, sailburuen artean adostasunik ez badago.