Politika -
Akordioa
Osasun publikoan eta Hezkuntzan Jaurlaritzak hartutako konpromisoak
EAJ eta PSE-EEren arteko akordioaren bigarren atalean jasotzen denez, bi alderdiek osasuna, zerbitzu publikoak eta gizarte politikoak bermatzeko konpromisoa hartu dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Langile gehiago kontratatuta osasun publikoa indartzea; horixe da EAJk eta PSE-EEk koalizioan osatutako gobernu berriak hartu duen konpromisoetako bat. Horretarako, Osakidetzan 4.000 lanpostuko lan eskaintza publikoa egiteko asmoa dute.
Akordioaren bigarren atalean jaso dute baita, osasuna, zerbitzu publikoak eta gizarte politikoak bermatzeko konpromisoa.
Koronabirusa dela eta sortu den krisiaren harira, akordioaren lehen helburua da osasun sistema publikoa indartzea. Horretarako, langile gehiago kontratatzeaz gain, lehen mailako arreta zerbitzua indartu nahi dute, eta ospitaleak zein osasun-ekipamenduak berritu nahi dituzte.
Hezkuntzan ere izango da aldaketarik. Hasteko, xedetzat dute Euskal Hezkuntza Legea onartzeko akordioa sustatzea, Eskola Publikoari eta haren sistema laikoari lehentasuna emanda. Halaber, apustua egingo dute ikasketa maila guztietan ikasle denek aukera berdinak izan ditzaten.
Osasun arloan bezala, helburuetako bat izango da irakasleen lanpostuak egonkortzea, aldi baterako kontratuak murriztuta.
Horrez gain, hezkuntza eleaniztun baten alde egingo dute, euskara ardatz izanda, baina ingelesari bultzada emanda. Hori lortzeko, laugarren mailatik aurrera, gutxienez irakasgai bat ingelesez emango dute hezkuntza publikoko ikasleek.
Bestalde, 0 eta 2 urte bitarteko haurren eskolatzean aurrerapausoak eman nahi dituzte. Hain zuzen ere, 2 urteko umeen % 100 eskolara joatea lortu nahi dute.
Lanbide Heziketan ere badute erronka: 5.000 euskal enpresa sistema dualera batzea.
Bukatzeko, unibertsitateetara baliabide publiko gehiago bideratuko dituztela hitzeman dute, horien kalitatea hobetze aldera. Modu horretan, nazioarteko aipamena duten 40 titulu nahi dituzte, eta irakasleen herena nazioartean irakasteko gai izatea.