Politika -

Inbestidura saioa

Mendiak Euskadi berreraikitzeko neurriak adosteko eskatu dio oposizioari

"Herrialde akordioak" hitzartzeko deia egin die PSE-EEko buruak gainerako taldeei.

Idoia Mendia
Idoia Mendia
Comparecencia íntegra de Idoia Mendia (PSE-EE)

33:17

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak defendatu egin du elkarrekin gobernatzeko EAJrekin sinatutako akordioa, eta Euskadi berreraikitzeko "akordio zintzoa" adostea eskatu dio oposizioari.

Eusko Legebiltzarrean egin ditu adierazpenok Mendiak, lehendakaria izendatzeko saioan. Iñigo Urkullu (EAJ) eta Maddalen Iriarte (EH Bildu) dira hautagaiak, baina lehena hautatuko du gobernuburu Ganberak, bere alderdiaren eta PSE-EEren botoekin.

Inbestidura saioan, Mendiak esan du Jaurlaritza elkarrizketarako prest egongo dela, gehiengo osoa izango badu ere. "Inork ez dezala aitzakiarik izan ez hitz egiteko", ohartarazi die gainerako taldeei.

Horren ildotik, hurrengo urteetan hauteskunderik izango ez dela aprobetxatzeko deia egin du PSE-EEko buruak, "letra handiz politika" egiteko eta "herrialde akordioak" lortzeko, krisiaren aurrean "irtenbide justua" bilatzea eta "inor atzean ez uztea" xede. "Jaurlaritza akordioetarako prest dago", azpimarratu du Mendiak.

Osasun arloan, Mendiak lehen arreta zerbitzua indartzea, baliabide materialak areagotzea eta "osasun digitala" sustatzea proposatu du.

Bestalde, enplegua eta ekonomia suspertzea ere lehentasun izango direla aurreratu du buruzagi sozialistak, eta erabaki "ausartak" hartu beharko direla gaineratu du.

Horren esanetan, krisiaren ondorioz "aurreikusitakoak baino baliabide gutxiago" izango dituzte, baina neurriak hartzeko adinak egongo dira "bikoizketak" ezabatzen badira, zorpetzen badira eta iruzur fiskalaren aurrean borroka egiten badute.

Hori horrela, Mendiak zerga sistema erreformatzearen alde egin du, "mailakotasun handiagoa" ezartzeko.

PSE-EEko idazkari nagusiak Gernikako Estatutua guztiz garatzea defendatu du, baina aitortu du sozialistak eta EAJ ez daudela guztiz ados gai horretan. Horregatik, "gobernagarritasun akordiotik kanpo" utzi dute.

Bizikidetzaren arloan, terrorismoa bidegabea izan zela "denek", "salbuespenik gabe", onartu behar dutela adierazi du, eta biktima guztientzat memoria, justizia eta kalte-ordainak eskatu ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Idoia Mendia PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak