Politika -
Eusko Jaurlaritza
Idoia Mendia Eusko Jaurlaritza berrian sartuko da
PSE-EEko idazkari nagusia sailburua izango da, baina oraindik ez dute argitu zein sailetan egongo den edo lehendakariorde izango den.
eitb.eus
Idoia Mendia PSE-EEko buruak Eusko Jaurlaritza berrian sartuko dela iragarri dio bere militantziari, oraindik zehaztu gabe dagoen kargu batean, EAJren Aberri Batzarrak eta PSE-EEko militanteek atzo kontsulta batean Iñigo Urkullu buru duen koalizio-gobernua osatzeko egin zuten akordioa berretsi ostean.
Mendiak gutun bat bidali die gaur goizean militanteei, Eusko Jaurlaritzan sartuko dela jakinarazteko.
"Pandemiaren ondorio larrien aurrean, uste dut denok lagundu behar dugula, eta nik, idazkari nagusi gisa, erantzukizun hori neure gain hartzen dut. Uste dut unea dela Euskadiren berreraikuntza sozial eta ekonomikoan pertsonalki inplikatzea, etorkizuneko Gobernuan izango dudan parte-hartzearekin", adierazi du Mendiak gutunean.
Erabakia alderdiko Batzorde Exekutiboarekin partekatu du, eta EAJri eta Iñigo Urkullu lehendakariari helarazi die.
Mendiak esan du bere erabakiaren berri eman nahi izan diela militanteei, "ez delako kontu pertsonal bat", PSE-EEk "alderdi gisa" ematen duen "urrats bat" baizik, eta "krisiaren kudeaketak etorkizun osoa baldintzatuko du", gaineratu du.
"Sozialistok ez gara inoiz arazoen aurrean zimurtu eta berriro erakutsiko dugu", azpimarratu du.
PSE-EEko idazkari nagusiak esan du "konpromiso historiko berri bat" sinatuko duela "Euskadi une oso latz batean aurrera ateratzeko"; izan ere, militanteei egindako kontsultaren oinarriek konpromiso hori bermatu dute, eta atzo % 93,15eko babesa eman zion EAJrekin egindako gobernu itunari.
Horrela, Mendia sailburu izango da, baina oraindik argitzeke dago Iñigo Urkullu lehendakariaren Gobernu berriko zein sail zuzenduko duen.
Sailburuen izenak, ostegunean
Ostegunean inbestituko dute Urkullu, lehenengo bozketan, gehiengo osoz, EAJren 31 legebiltzarkideen eta PSE-EEren 10en botoekin. Aurkeztutako beste lehendakarigaia, Maddalen Iriarte (EH Bildu), ez da aurkaria izango, bere koalizioaren botoak baino ez omen dituelako eskuratuko.
Aurreikuspenen arabera, inbestiduraren ostean emango ditu jakitera Urkulluk sailburuen izenak. Larunbatean egingo du karguaren zina, Gernikako arbolaren azpian, Estatuko Aldizkari Ofizialean bere izendapena iragartzen duen Errege Dekretua publikatu ondoren.
Ekitaldi hori ez da aurreko urteetakoa bezalakoa izango, pandemia garaian pentsaezina baita Gernikako Batzarretxean jende asko biltzea.
Hurrengo astean jabetuko dira karguaz sailburu berriak, eta asteartean, irailaren 8an, egingo dute lehenengo gobernu bilera, aurreikuspenak betez gero.