Politika -
Eusko Legebiltzarra
EAJk esan du PSErekin gobernatzeko ituna ia osatuta dagoela
Euskadiko Alderdi Sozialistak, berriz, hainbat desadostasun argitzeko daudela eta, beraz, akordioa egintzat ematerik ez dageoal ohartarazi du. Inbestidura saioa irailaren 3an izango da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EAJk eta PSE-EEk Eusko Jaurlaritza berria osatu ahal izateko negoziazioarekin aurrera jarraitzen dute, baina bi aldeak ez datoz bat elkarrizketa horien balorazioa egiterakoan. Jeltzaleek akordioa ixtear dagoela adierazi duten bitartean, sozialistek hainbat desadostasun dauzkatela ohartarazi dute.
Lehendakari izateko hautagaitza aurkezteko azken eguna abuztuaren 28a da, eta inbestidura saioa irailaren 3an izango da. Beraz, bi alderdiek astebeteko epea dute akordioa lortzeko.
Negoziazioak diskrezio handiarekin egiten ari dira, baina gaur goizean, Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Arantxa Tapiak esan du "gobernu-programa ia osatuta" daukatela, gauza batzuk oraindik "zintzilik" badaude ere.
Adierazpen horien berri izan ostean, Euskadiko Alderdi Sozialistako iturriek aitortu dute negoziaketan "aurrerapen handiak" izan direla, baina ohartarazi dute hainbat gaitan desadostasunak dituztela eta, ondorioz, ituna egintzat eman ezin daitekeela nabarmendu dute.
Ildo horretan, sozialistek esan du oraindik ez dutela gobernuaren osaketaz hitz egin. "Programa itxi arte ez dugu gobernuaren egituraz eta pertsonez hitz egingo", adierazi dute.
Bestalde, Carlos Iturgaizek uste du EAJ eta PSE-EE negoziaketa nahita luzatzen ari direla. "EAJ eta PSE-EE itxurak egiten ari dira. Hauteskundeen aurretik adostu zuten gobernua eta orain dena geldi egotea ulertezina da. Tamalez, beraien interesak herritarren kezken aurretik jarri dituzte", idatzi du sare sozialetan.