Politika -
Deseskalatzea
Eusko Jaurlaritzak ostiralean altxatu nahi du alarma egoera
Iñigo Urkullu lehendakariak azaldu duenez, ostegunean gobernu bilera egingo dute Osasun Sailaren txostena aztertu eta egoera berrian indarrean izango diren neurriak zehazteko.
eitb.eus
Eusko Jaurlaritzaren asmoa ostiraletik aurrera alarma egoera indarrean ez egotea da, eta, hortaz, ostiraletik bertatik hasita, egoera berean dauden Espainiako Estatuko erkidegoekin mugikortasun askea izatea.
Hala iragarri du Iñigo Urkullu lehendakariak gaur, gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan. Jaurlaritzaren aurreikuspenen arabera, ostegunean gobernu bilera egingo dute 11:00etan, Osasun Sailaren txostena aztertu eta egoera berrian indarrean egongo diren neurriak erabakitzeko.
Ostiralean, EAEko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko litzateke egoera aldaketa, eta, hortaz, alarma egoera amaituta, ostiraleko 00:00etatik aurrera mugikortasuna berreskuratuko litzateke, esaterako, egoera berean dauden Estatuko erkidegoekin.
Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko joan-etorrietarako, ekainaren 21era arte itxaron beharko da.
Bigarren etxebizitza
Urkulluk gogorarazi du EAEko "milaka" herritarrek dutela bigarren etxebizitza Kantabrian, eta orain gainera hondartzara joateko garaia dela. Lehendakariak uste du "interesgarria" izango litzatekeela "normalizazio" irudia ematea eta "gozamena" erraztea, asteburuetan erkidego horrekin dagoen harreman beste erkidegoekin baino "handiagoa" delako.
Lehendakariak jakinarazi du Segurtasun Saila operatibo bat prestatzen ari dela asteburuan bi erkidegoen arteko zirkulazioa zaintzeko.
Argi adierazi nahi izan du alarma egoera altxatzeak ez duela esan nahi lehen egin zitekeen berbera egiteko aukera egongo denik, eta jendeari musukoa erabiltzeko deia egin dio. "Musukoa erabiltzen jarraitu behar dugu, eta milaka gehiago izan beharko lirateke egunerokoan maskara erabili beharko luketenak", gaineratu du.
"3 fasea eta alarma egoera altxatzen direnean, ezer ez da lehen zena izango", berretsi du.
Revilla-Urkullu ekitaldi bateratu
Miguel Angel Revilla Kantabriako presidentearen eta lehendakariaren arteko ekitaldi bateratua ostegunean zen egitekoa, Gasteizen, baina ostiralera atzeratu eta Bizkaira lekualdatu dute.
Kantabriako Gobernuko iturrietatik jakinarazi dutenez, ekitaldia 09:00etan izango da, Bizkaiaren eta Kantabriaren arteko mugako herri batean.
Revillaren ustez, mugikortasuna ahalbidetzea "oso albiste ona" da bi lurraldeentzat, horrek "agerian" uzten duelako Kantabriako eta EAEko osasun egoera "oso ona" dela, eta horrek aurreratu egingo duelako ekonomia "dinamizatzea" eta bi lurraldeen arteko harremanak berrezartzea.
Gainera, bi erkidegoek "Espainiako beste inon ez dagoen aldebiko giza bizikidetza harremana" dutela azpimarratu du.