Politika -
KONGRESUA
PSOEk ez du "inoiz" lan-erreforma guztia ezabatzeaz hitz egin, Lastraren hitzetan
Alderdi Popularrak onartutako lan-erreforman jasotako alderdi batzuk ezabatzeak zentzurik ez lukeela adierazi du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Adriana Lastra PSOEk Diputatuen Kongresuan duen bozeramailearen esanetan, sozialistek ez dute "inoiz" hitz egin lan-erreforma osorik indargabetzeaz. Azaldu duenez, "EAO ezin da hutsik utzi" lan-arloan.
La Sextan egindako elkarrizketa batean, Alderdi Popularrak onartutako lan-erreforman jasotako alderdi batzuk ezabatzeak zentzurik ez lukeela adierazi du Lastrak, hala nola, Lanbide Heziketa, baimen ordaindu berreskuragarrien erregulazioa edo telelana.
Hala, Jose Luis Abalos PSOEko Antolakuntza idazkariak adierazitakoa berretsi du bozeramaile sozialistak: EH Bildurekin eta Unidas Podemosekin lortutako akordioak "alderdi kaltegarriak" aldatzea besterik ez du nahi, eta ez indargabetzea.
Halaber, gainerako talde politikoek sozialistak "banda ezberdinekin" negoziatzen ari zirela bazekitela aitortu du, alarma-egoeraren luzapena aurrera aterako zela ziurtatzeko.
"Ez dugu ezkutuan jokatzen, alderantziz. Inbestidura-agenda berresten duen akordioa da", gizarte-eragileen oniritziarekin egingo dena, ziurtatu du.
Lastrak adierazi duenez, EH Bildurekin sinatutako akordioak ez dakar lan-erreforma osorik indargabetzea, alderdi kaltegarrienak baizik. Horrez gain, gaineratu du "bistakoa dela" ez dela alarma-egoeran egingo.
Interpretazio ezberdinak ematen ari zirela ikusi zutenean, "ohar argigarria" ateratzea erabaki zutela ere azaldu du. Gainera, gobernuak lan-arloan ematen duen pauso bakoitza sindikatuekin eta enpresaburuekin "hitz eginda, negoziatuta eta hitzartuta" emango duela hitzeman du.